GARA > Idatzia > Pilota

GIPUZKOAKO HERRIARTEKO TXAPELKETA

Iazko arantza atera ahal izan du Azpeitiak historiako bigarren txapela jantzita

GARA | DONOSTIA

Bere historiako bigarren Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa -2004an lortu zuen lehendabizikoa- irabazi zuen atzo Azpeitiak Donostiari finalean 3-0 irabazi ostean. Bide batez, gainera, iaztik sartuta zuten arantza atera ahal izan zuten; izan ere, azpeitiarrek txapela eskuan zutela uste zutenean, Arrasatek buelta eman zion finalari.

Lezioa ikasita, aurten aukera berri bat sortu zaio talde berari -Yeregiren partez sartu den Etxaniz kenduta beste bost pilotariak iazko finalean egondakoak ziren- eta, aurtengoan, ez dio txapelari alde egiten utzi.

Kadeteetan, erraz

Oso ondo hasi ziren gauzak Urolakoentzat, kadeteen mailako partida uste baino errazago irabazi baitzuten. Etxaniz-Aizpuru 22-9 nagusitu ziren Manzisidor-Zinkunegiren aurka, historia handiegirik gabeko partidan. Donostiarren atzelaria maila handiko pilotaria izan arren, azpeitiarren bikoa askoz orekatuagoa eta sendoagoa izan zen atzo eta erraz nagusitu ziren.

Juniorren partidan finala erabakitzeko aukera zuten azpeitiarrek eta hala egin zuten, baina ez majo sufritu eta iazko mamuak gogoratu gabe. Fernandez eta Arzelus donostiarrak 15-10 jarri ziren markagailuan eta partida bideratuta zutela zirudien, huts gehiegi egiten ari baitziren Otamendi eta Murgiondo. Hala ere, Urola bailarako pilotariak esnatu eta emozioz beteriko amaiera batean 22-21 irabazi zuten.

Txapela ziurtatuta, hirugarren partidan Larrañaga-Uzkudunek 22-9 irabazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo