Mikel Gil preso eria etxera ekartzearen aldeko plataforma sortu dute Txantrean
Gaixotasuna larri batek jota dago Iruñeko Txantrea auzoko Mikel Gil preso politikoa; bere egoera berean, beste hamabi euskal herritar gehiago ere aurkitzen dira. Txantrean, Gil Euskal Herrira ekartzearen aldeko plataforma eratu dute; larunbatean egin zuten aurkezpena.
GARA |
«Kurika etxera!» plataforma eratu dute Iruñeko Txantrea auzoko hainbat bizilagunek bertako Mikel Gil «Kurika» preso politikoa etxera ekartzearen aldeko indarrak biltzeko helburuarekin. Iruindarra larri gaixotuta dago eta, ondorioz, larunbatean aurkeztu zuten plataformak Gilek pairatzen duen egoera salatuko du Nafarroako hiriburuko aipaturiko auzoan.
Txantrea auzoko preso politikoak hamasei urte daramatza Estatu espainoleko espetxeetan gatibu. Larunbateko agerraldian azaldu zutenez, «Mikel gaixo eta etxetik urrun egotea ez da kasualitate hutsa. Bere egoera Estatu espainol eta frantsesak, kartzela politika hiltzailearen bitartez euskal preso politikoei ezartzen dizkieten neurrien ondorioa besterik ez da. Neurri horiek, salbuespen neurriak dira. Oinarrizkoak diren eskubideak ukatzen dizkiete».
Zuerako sendagilearen txostena
Larunbatean gogora ekarri zutenez, 1993an «eritasun antsioso-depresiboa eta izaeraren oinarrizko desoreka» diagnostikatu zioten Gili. «Gainera, artrosia du belaun batean, eta horrek errenka ibiltzera behartzen du», gaineratu zuten auzotarrek.
Mikel Gilek espetxean daramatzan hamasei urteotan osasun arretarik ez duela izan eta, ondorioz, egunetik egunera bere egoerak okerrera egin duela salatu zuten. Kode penal espainoleko 92. artikulua ere orain gutxi ukatu diote; alegia, gaixotasun larri eta sendaezina sufritzeagatik dagokion askatasun eskubidea errefusatu diote.
Urteotan, espetxeetako sendagileek euskal presoari eman beharreko sendagaiak «etengabe aldatu» dizkiotela salatu zuten eta, horrek, maiz, «antsietate krisiak» eragiten dizkiola azaldu zuten. Argigarriagotzat jo zuten Txantreako auzotarrek joan den otsailean Zuerako presondegiko sendagileak Mikel Gilen egoeraren gainean txosten batean idatzitakoa: «Kartzelan egindako egonaldi luzeak bere gaixotasuna areagotzen du».
Hala eta guztiz ere, hilabete berean, otsailean, Kartzela Zaintzaren Epaitegi Zentralak «bere konfiantzazko psikologoaren terapia kendu zion». Gertaera horiek ikusita, Txantreako auzokideek Gilek bizi duen egoera ezin dutela onartu azaldu zuten prentsa agerraldian, «eskubideez ari baikara mintzatzen eta ez pribilejioez».
Kurikarekin egiten ari diren bezala, Madrilgo agintariek beste 12 euskal preso politikori ere «osasun eskubidea ukatzen» diotela gaitzetsi zuten agerraldian, beste oinarrizko makina bat eskubiderekin gertatzen den gisa. Testuinguru horretan kokatu dute «Kurika etxera!» plataforma eratu izana eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbita egin diete.
Altsasuko amnistiaren aldeko mugimenduak Amnistia Astea antolatu du aste honetan zehar, Euskal Herriak «askatasuna» behar duela aldarrikatzeko eta bailara horretan bizi duten errepresioa amai dadin galdegiteko.
Gaur, San Joan bezpera, euskal preso politikoen aldeko brindisa egingo dute Amnistiaren Asteari hasiera emanez; ondoren, herriko plazan sua piztuko dute. Bihar bideo emanaldia izango da eta asteazkenean mural margotze herrikoia.
Ostegunean hitzaldia egongo da; ohiko elkarretaratzea izango da ostiralean, herri afariarekin batera. Larunbatean, auzolana deitu dute eta igandean, aldiz, triki-manifa antolatu dute eguerdi partean.