GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega Gipuzkoako Txapelketa

Ormaetxeak txapela lortzeko hautagaitza aurkeztu du

Orendaingo segalaria nagusitu zen atzo Errezilen jokatu zen lehen faseko azkeneko ekinaldian. Goikoetxea, Aranalde eta Arteaga ere sailkatu dira

Jon LEUNDA | ERREZIL

Ormaetxeak, Goikoetxeak, Aranaldek eta Arteagak jokatuko dute datorren igandean Larraitzen Gipuzkoako Txapelketako finala, atzo lauek lortu baitzuten horretarako txartela. Lehendik ere lauak zeuden lehen lau postuetan eta atzoko saioan bosgarrena, Etxeberria, agertu ez zenez, dena erabakita zegoen hasi aurretik ere.

Eguraldi petrala egin zuen atzo Etumetako belardietan, lainoa erabat sartu baitzen; gainera, atertu ere egin gabe aritu zen lanbroa. 100 ikusle inguru izan ziren saioa ikusten. Segalari bakoitzak ordu erdi zuen lanerako, eta bakoitzak bosna sail zituen prestatuta; lau segalariak laugarrengoan ari zirela amaitu zen lana. Belarra apur bat nahastuta baldin bazegoen ere, oso egoera onean zegoen.

Jexuxmari Ormaetxea eta Andoni Goikoetxea berehala aurreratu ziren sailetan eta bien arteko dema gogorra izan zen. Saioak aurrera egin ahala, ordea, Gaztelukoak aurrea hartu zuen sailetan, baina amaieran balio dutenak kiloak dira, eta hor askoz ere hobeto aritu zen Orendaingoa, berak eraman baitzuen garaipena. Ormaetxeak, gainera, ez zuen zigorrik jaso, eta Goikoetxeak, berriz, bi jaso zituen.

Hirugarren posturako lehia, sailetan behintzat, Aranalderen eta Arteagaren artean izan zen; Baliarraingoak apur bat aurretik moztu zituen, baina kiloetan Gazteluakoak hartu zion aurre. Aranaldek ez zuen zigorrik jaso, baina Arteagak bat jaso zuen.

Gipuzkoako aurtengo txapelketa amaitzeko, beraz, finala bakarrik geratzen da. Lehen fasean hiru proba jokatu dira. Lehenengoa nazioarteko eran jokatu zen, eta hura Andoni Goikoetxeak irabazi zuen. Beste biak, betiko eran jokatu dira, eta bietan Ormetxeak bereganatu du lehen postua; horrenbestez, ikusitakoaren arabera, txapela lortzeko faboritoa da. Hala ere, finalak ez du orain arteko lanarekin zerikusirik izango, finalean ordubeteko lana egin beharko baitu segalari bakoitzak, eta han gauzak alda daitezke.

Lehen faseko azkeneko jardunaldian, Ormaetxea izan da, beraz, irabazle -2.728,5 kilo moztu zituen-. Bigarrena Goikoetxea izan zen 2.576 kilo moztuta; hirugarren Aranalde sailkatu zen, 2.309 kilo moztuta, eta azkena Arteaga sailkatu zen, 2.144 kilo moztuta. Txapelketako sailkapen nagusian, Ormaetxea da onena 23 punturekin; Goikoetxeak 19 batu ditu; Aranaldek 14 eskuratu ditu; Arteagak 13 lortu ditu eta Etxeberriak lau. Lehenengo lauek lortu dute finala jokatzeko txartela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo