GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Nazioarteko era

Lizaso eta Gabirondo izan dira bigarren jardunaldiko bi segalaririk onenak

J.L. | DONOSTIA

Gabirondo nesketan, eta Lizaso, mutiletan, izan ziren nagusi herenegun arratsaldean Tolosan jokatu zen Nazioarteko erako Ligako bigarren jardunaldian. Emakumezkoek 35 metro karratuko saila ebaki behar izan zuten eta, gizonezkoak, aldiz, 100 metro karratuko saila izan zuten aurrez aurre.

Nesketan, Marialuixa Gabirondo erabateko nagusitasuna erakusten ari da, eta bigarren jardunaldi honetan ere horrelaxe izan zen. Proba hauetan azkartasuna eta txukuntasuna uztartu behar dira eta gazteluarrak biak ederki egiten ditu. 2.05 izan zen bere denbora, eta 18 segundoko aldea kendu zion Arrate Garini. Mazkiaran izan zen hirugarren, eta bere denbora 2.55 izan zen.

Sailkapen nagusian Gabirondo aldeak zabaltzen ari da eta, orain artekoa ikusita, zaila izango da berari txapela kentzea, nahiz eta oraindik beste lau jardunaldi geratzen diren. 20 puntu ditu Gaztelukoak. Bigarren lekuan Garin eta Mazkiaran 17 punturekin berdinduta daude.

Mutiletan emozio handiagoa dago. Bigarren jardunaldi honetan Lizaso izan zen onena eta bere denbora 3.06 izan zen. Bigarren, berriz, lehen jardunaldiko irabazlea, Gabirondo, izan zen. Gazteluarraren denbora 3.08 izan zen. Hirugarren, berriz, Jexuxmari Lasa izan zen. Legorretakoaren denbora, 3.16 izan zen. Sailkapen nagusian, hala ere, Joxe Gabirondok jarraitzen du oraindik ere lehen postuan. Gaztelukoak 57 puntu ditu, baina atzekoak gertu ditu: Lizasok puntu bat gutxiago du eta Lasak bi gutxiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo