Harri-zulatzea
Jaizubia izan da jardunaldiko onena eta lehen postuan jarri da
J.L. | DONOSTIA
Jaizubiak lortu zuen herenegun Euskal Herriko Ligako laugarren jardunaldian garaipena, eta horrekin batera, baita sailkapen nagusiko lehen postua ere.
Orain arte hiru jardunaldi zeuden jokatuta, eta hiru horietan txapela zeinen artean dagoen garbi geratu zen. Izan ere, ekinaldia hasi aurretik Trapagaran zegoen lehen postuan, eta puntu bakar batetara zeuden Jaizubia eta Aldai Alde. Beste guztiak oso atzera zeuden. Orain, Aldai Aldek hartutako zaplaztekoaren ostean, txapela Trapagaranen eta Jaizubiaren artean geratu da, nahiz eta sei jardunaldi geratzen diren oraindik ere liga amaitzeko.
Hala ere, herenegun Muskizen jokatutako saioak ezuste bat baino gehiago utzi zituen. Batzuk oso gozoak eta, beste batzuk, ez horrenbeste. Dudarik gabe berririk onena Kabiezes taldeak eman zuen. Orain arte beheko postuetan amaitu du beti, eta sailkapen nagusian ere atzean zegoen; Muskizen, ordea, lan bikaina egin zuen, eta denen ezusterako sailkapeneko bigarren postuan amaitu zuen jardunaldia.
Albiste txarra, berriz, Aldai Aldek eman zuen. Liga hasiera ezin hobea izan zuen. Lehen jardunaldian nagusi atera zen, eta txapelaren lehian ibiliko zenaren itxura guztia zuen. Herenegun, ordea, ez zuen bere egunik onena izan, eta sailkapeneko atzealdean amaitu zuen, azken bigarren. Hori ere sekulako ezustea izan zen eta, lan kaskar horren ondorioz, une honetan txapela lortzeko ia inongo aukerarik gabe geratu da. Hala ere, sailkapen nagusian hirugarren postuan dago oraindik ere une honetan.
Erraz
Jaizubiak, egungo txapeldunak, bigarren amaitu zituen estreinako hiru jardunaldiak, baina laugarrengoan ez du barkatu, erraz lortu baitu garaipena. 18 zulo eta 2,4 zentimetro egin zituzten Hondarribiko mutilek.
Bigarren postuan amaitu zuen Kabiezesek, 17 zulo eta 3,4 zentimetro zulatuta. Hirugarren Trapagaran sailkatu zen 17 zulo eta 2,7 zentimetro eginda. Laugarren amaitu zuen Burdin Gazteak taldeak, 15 zulo eta 8,9 zentimetro zulatuta. Bosgarren postua Txorierrirentzat izan zen, 15 zulo eta 8,5 zentimetrorekin; seigarren geratu zen Gallarta 14 zulo eta 7,5 zentimetrorekin. Zazpigarren postua, Arboledarentzat izan zen 14 zulo eta 2,8 zentimetrorekin; zortzigarrena, berriz, Aldai Alderentzat, 12 zulo eta 9,5 zentimetro zulatuta, eta azkenekoa, orain arteko guztietan bezalaxe, Errekatxorentzat izan zen, 10 zulo pasatxo eginda.
Sailkapen nagusian, Jaizubia Hondarribiko taldea jarri da orain lehen postuan, 32 punturekin. Ostean, puntu bat gutxiagorekin, Trapagaran dago bigarren postuan. Hirugarren, Aldai Alde dago 25ekin; laugarren Burdin Gazteak dago 20rekin eta bosgarren Gallarta 19rekin.