Juan Luis Mugertza Berango
Politika egiteko manerak
Nire aurtengo ikasle gehienak etorkinak dira. Batzuk Filipinetakoak, bakan batzuk txinatarrak, gehienak hegoamerikarrak (Bolivia, Kolonbia, Ekuador…). Baina aurtengo ikasleak aurrekoak ez bezala exento egon dira, hau da, euskara ez ikasteko askatasun osoa izan dute, geure hizkuntzari uko egiteko libre egon dira: ahalbidetzen dien legea arrotza baita. Gainera, nahikoa dute ikasturte hasieran Hezkuntza Sailekoek banatutako egiaztagiri ofiziala sinatzea azterketaren ardura alde batera uzteko, luzatutako aukerari irri egiteko. Gehienek lauzpabost urte daramatzate Euskal Herrian; halarik ere, ez dute motibaziorik izaten. Normala da, neuk ere sentipen bera izango nuke bestelakorik ezagutu ezean. Baina era berean ez da batere normala Eusko Jaurlaritzaren izenean euskal irakasle batentzat egoera horretan dauden hamalau, hamabost urteko neska-mutikoekin astean zazpi orduko eskolak ematea. Ordu gehiegi dira ikasturte osoan denbora alferrik galtzeko, zerbitzu hori eskaintzeko. Sasoi batean Franco bizirik zegoela, espainiar etorkin asko etorri ziren gurera, eta orduan haietako askok, hauek bezala, ez zuten inolako aukerarik izan integratzeko, geurea maitatzeko: «En verano me voy al pueblo». Integrazioak batasuna dakar eta hori komeni ez, ez lehen, ez orain, herri honen geroari trabak ipintzeko amu ederra baita politikagintzan aritzen diren askorentzat, integrazioa, aniztasuna gisako hitzak barra-barra darabiltzaten politikarientzat. Beraiek badakite erdal ereduen aukerak konponbidearen egoera urrundu eta lehia bultzatzeko baliabide ona dela. Izan ere, politika egiteko manerak frankismoan eta orain antzekoak dira: kultura, hizkuntza, bertako balioak maite ez, ezagutu ez, banatu.