GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilbao: «Hizkuntz eskubideak ezin dira borondatearen eta inoren baimenaren esku utzi»

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan jasotako hizkuntz-eskubideen urraketen berri eman zuen Behatokiak Baionan. «Eskubideok bermatzeko hizkuntzari estatus juridikoa» aitortu behar zaiola berretsi zuen.

p018_f01_148x112.jpg

Arantxa MANTEROLA |

«Ez borondate ona, ez inoren `baimena' ezin dira hizkuntz eskubideen zutabe izan. Soilik corpus juridiko batek aitortu eta bermatuko ditu eskubide horiek». Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Behatokiak iaz jasotako herritarren kexuen berri ematean egin zituen adierazpenok Paul Bilbaok. Hain zuzen, bere ustez, Estatu frantsesak eratutako corpus juridikoak eragin ditu bildutako kexak.

Behatokiak Euskal Herri osoan hizkuntz-eskubideen urraketaren inguruan kexak jasotzeko metodologia bera erabili duen lehen aldia izan da. Izan ere, 2007an jarri zuen abian euskararen telefonoa hiru lurraldeetarako. Ordura arte, euskalgintzan diharduten eragileengan- dik jasotzen zituzten kasu aipagarrienak.

Alta, metodologia bateratuak urraketak era zuzenagoan ezagutzea ahalbidetu badu ere, kexuen muina oraindik ere berbera dela nabarmendu zuen Behatokiko zuzendariak. Horien azpian, Estatu frantsesean «euskarak aitortza juridikorik ez izatea» dago bere esanetan: «Herritarrak babesik gabe uzten ditu eta, gainera, administrazioaren kasuan, frantsesa erabiltzera derrigortzen ditu administrazioarekiko harremanetan euskara erabili nahi badute. Soilik frantsesarekin batera onartzen baitzaie bere hizkuntza erabiltzea».

Baionako suprefekturak, esaterako, hainbat kexuri erantzutean, «zerbitzu publikoetako hizkuntza frantsesa» dela gogoraztearekin batera, «herritarrek Konstituzioa eta legeria errespetatzeko duten betebeharra» adierazi ohi die.

Ez dago «égalitérik»

Bilbaoren ustez, «agerian geratzen da, berriro ere, Estatu frantsesean horrenbeste goraipatutako `égalitérik' ez dagoela, berdintasunaren izenean betebehar berak ezartzen zaizkie herritarrei, baina eskubideak ez zaizkie maila berean aitortzen». Joan den astean Senatuan gertatutakoa jarri zuen aipatutakoaren azken adibidetzat. «Hizkuntz gutxituak ondaretzat hartzea edo ez eztabaida antzua da. Bereizkeriarik ez egoteko, kulturarekin eta folklorearekin loturiko argudioak baztertzea eta elementu baliagarri bakarra estatus juridiko egokia onartzea da», esan zuen.

Ione Josiek, berriz, Behatokiak ireki dituen 150 espedienteak (bi izan ezik, gainerakoak kexuak), «icebergaren tontorra» besterik ez direla adierazi zuen. Ipar Euskal Herrirako Behatokiko arduradunak «eguneroko bizitzan edozein funtzio administratibo edota sozialean euskara erabiltzeko eskubidea milaka aldiz urratzen» den uste osoa du. Euskararen telefonoaren zerbitzuak izandako emaitza, hala ere, «oso positiboa izan da lehen urterako» eta hedatzen joango dela espero dute.

Kexatu diren herritar gehienak lapurtarrak izan dira eta, Behatokiaren aburuz, «aski erraza» da kexen arrazoiak konpontzea. «Herritarren eskura jartzen den informazioa, oharrak, seinaleak eta afixak edota jasotzen dituzten gutunak frantses hutsean izatea da kexen zio nagusia. Frantseseko ereduarekin batera euskarazkoa sortzea nahikoa da kexu horiek ekiditeko», gaineratu zuen Josiek, kexuen berri dagokien erakunde publiko zein pribatuei emango dietela gogorarazita.

KEXAK ETA ZORIONAK

Behatokiak 150 espediente ireki ditu Ipar Euskal Herrian (Euskal Herri osoko %12). Horietatik bi, ekimen pribatuei zorionak emateko izan dira. Kexen erdia baino gehiago, erakunde publikoei dagokie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo