GARA > Idatzia > Ikusmira

Inbertsio arduratsuaren erabilera arduragabea

Energia berriztagarriak, Hirugarren Mundua garatzeko proiektuak, giza eskubideekiko errespetua eta, oro har, gizarteko behartsuenak inbertsioak egiteko arloak izan daitezke. Inbertsio mota horri sozialki arduratsua esaten zaio. Inbertsio mota horren inguruan Mugarik gabeko Ekonomistak GKEak eta Euskal Abokatuen Elkargoak atzo Bilbon antolatu zuten jardunaldian zenbait ondorio esanguratsu ezagutzera eman zituzten. Esate baterako, herritar gehienek ez dakitela zertan den inbertsio sozialki arduratsua, eta inbertsio mota horrek enpresaren irudiari mesede egiten diola, eta horixe baino ez dela haien helburua. Inbertsio txikia eta errentagarria, beraz. Izan ere, Estatu espainoleko inbertsio sozialki arduratsua hori benetan eskasa baita Europar Batasunekoaren aldean. Espainiar Gobernuari dagokionez, Gizarte Segurantzako Erreserba Funtsa, 55.000 milioi eurokoa, burtsara eta inbertsio sozialki arduratsura bideratzeko legea prestatzen ari da. Burtsan inbertitzeko asmoak kritika handiak eragin zituen eta, kritikak kritika ez dio espekulazioari uko egingo, baina orain bere aurpegi «sozialki arduratsua» erakutsiko du. Ondorio jakingarriak atzoko jardunaldian ateratakoak, baina aldi berean kezkagarri eta deitoragarriak, behar gorriak eta arazo larriak norberaren irudi ona emateko erabiltzea, zalantzarik gabe, inbertsioa bada ere, sozialki arduragabea baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo