Gazte independentistek udarako hamaika ekimen antolatu dituzte
Gazte indepedentistek aurtengo udan independentziaren eta sozialismoaren alde abian jarriko duten kanpaina aurkeztu zuten atzo Iruñean. «Herri berri bat piztera goaz» lelopean, uda sasoian ere gazteak herriz herri ibiliko dira hainbat mobilizazio, Gazte Egun eta ekimen antolatzen. Gainera, urriaren 25ean, Ibarretxek herri-kontsulta egingo duela iragarri duen egun berean, zazpi herrialdeetako gazteek «Independentzia eguna» antolatuko dute.
GARA |
Gazte independentistek udan ekimen eta mobilizazio anitz gauzatuko dituzte herriz herri. Iruñeko Donibane auzoan egindako prentsaurrekoan, Ainara Bakedanok udako hilabeteetan egingo dituzten ekimenen berri eman zuen. «Udan, herriz herri hamaika mobilizazio, Gazte Egun eta ekimen antolatuko ditugu independentziaren eta sozialismoaren alde eta iruzur egin nahi digutenei aurre egiteko», azaldu zuen.
Bozeramaileak nabarmendu zuenez, udako kanpaina horrek bi helburu ditu; alde batetik, «independentziaren bidean urratsak ematea» eta, bestetik, «iruzurrak agerian uztea». Haren esanetan, dinamika horiek «gezurra agerian uzten dute eta Euskal Estaturako oinarriak jartzen dituzte» eta, alde horretatik, UPN eta PSN Nafarroan, PNV EAEn eta UMP Ipar Euskal Herrian alferrik ari direla ohartarazi zuen.
«Euskal Herria ez dago salgai, eta egunero erakutsiko diegu hori kalean. Proiektu politiko bat daukagu herri honentzat, gauzatzeko proposamen erreala dugu eta hamar pertsonako polizia bat dagoen herri honetan orain arte ezin izan gaituzte geldiarazi, eta ezingo dute aurrerantzean ere», nabarmendu zuen.
Gainera, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak herri-kontsulta egingo duela iragarri duen egunean, urriaren 25ean, gazteek «Independentziaren eguna» antolatuko dutela jakinarazi zuen. «Egun horretan, zazpi herrialdeetako gazteak independentzia aldarrikatuz iruzurrari erantzuteko bilduko gara; ukapen eta gezurrari herri berri bat pizteko indarrarekin erantzuteko».
Horrez gain, egun, euskal gazteria «errepresioaren jomugan» dagoela salatu zuen, eta azken hilabeteotan errepresioak duen funtzio politikoa «agerian» geratu dela ohartarazi. «Ezker abertzalearen aurkako errepresioak bi helburu ditu: beldurra, etsipena eta ezintasuna sortzea, eta herri honi egiten diogun eskaintza politikoa desitxuratzea, dinamika politikoa desegiteko eta esateko duguna entzun ez dadin», gaitzetsi zuen.
Eskaintza demokratikoa
Bakedanoren hitzetan, Euskal Herrian ireki den aukera historikoa da; Frantziako zein Espainiako Gobernuak eta Iruñeko eta Gasteizko Gobernuak herriarenganako proposamenez lepo agertu beharrean direla, eta orain, aldaketa abiarazteko ezker abertzaleak mahai gainean jarri duen «autonomiaren eta erabakiaren proposamena» gauzatzea beharrezkoa dela adierazi zuen. Azaldu zuenez, proposamen horrek hiru puntu nagusi ditu.
«Espainiako Konstituzioaren eta Frantziako Errepublikaren muga altxatzea proposatzen du, eta hori gauzatzeko egungo errealitate administratibotik abiatzen da. Hala, egoera demokratikoa sortzen du, proiektu politiko oro gauzagarri eginez, federalismoa, autonomismoa eta independentzia barne», amaitu zuen Ainara Bakedano gazte independentistak.
Gazte independentisten bozeramaile Ainara Bakedanok ohartarazi zuenez, EAJ «hainbat abertzaleren kultur erreferentzia» izatetik, «Estatuko elite ekonomikoaren besoetara erori den alderdi elitista» izatera igaro da.
Bestalde, ezker abertzaleak «euskal herritar ororentzat baliagarria den ekimen politikoa» mahai gainean jarri duela goraipatu, eta Estatuak «errepresioaren bidez» ezkutatu nahi duela salatu zuen.