Txirrindularitza Euskaltel-Euskadiren Tourreko taldea
Iazko lanari eutsiz, 2008ko ekitaldia etapa bat irabazita biribiltzea da helburua
Haimar Zubeldia, Mikel Astarloza eta Samuel Sánchez dira «laranjen» taldeburu
GARA | BILBO
Urteko lasterketarik garrantzitsuena, Tourra, ate-joka ari da. Hala, parte hartuko duten taldeak Le Grande Bouclé-ra zein txirrindulari joango diren erabakitzen ari dira.
Horixe bera egin zuen atzo Euskaltel-Euskadi taldeak ere. Iazko blokea oinarri hartuta, 2007ko Tourrean ekindako bidetik jarraitu nahi du talde laranjak. Hortaz, Haimar Zubeldia, Mikel Astarloza, Samuel Sánchez, Egoi Martínez, Amets Txurruka, Iñaki Isasi, Ruben Pérez, Gorka Verdugo eta Juanjo Oroz izango dira Estatu frantsesean barna ibiliko direnak.
Iaz, jakina denez, talderik borrokalariena izan zen euskal taldea eta, borrokalarienetan ausartena, Amets Txurruka bizkaitarra, Parisko podiumean izan zen. Hala ere, Euskaltel-Euskadi ez zen garaipenik eskuratzeko gauza izan, nahiz eta Haimar Zubeldia eta Mikel Astarloza sailkapen nagusiko aurreneko hamarren artean sailkatu. Horrenbestez, 2007ko lan ona oinarri hartuz, etapa garaipena bilatuko du talde laranjak. Horixe izango da Samuel Sánchez bederatzikoan sartzearen arrazoi nagusiena: garaipen gehien lortutakoa baita Euskaltel-Euskadiko txirrindulari asturiarra.
Azken batean, aipaturiko hiru izenak, Zubeldia, Astarloza eta Sánchez, alegia, izango dira Euskaltel-Euskadiko taldeburuak. Gainerakoek, aipagarriena Egoi Martínezen itzulera izanik, hiru taldeburuei laguntzea izango dute xede, baina ihesaldietan sartzeari uko egin gabe. Izen bakar baten zain egon beharrean, talde lana izango da berriz laranjen lanaren iturburua.
«Gure helburua iazko Tourrean egin genuen lana errepikatzea da. Baina iaz lana biribiltzeko etapa garaipen baten faltan geratu ginenez, aurten horretan saiatuko gara. Etaparen bat eskuratuz gero, gure helburuak beteko genituzke», adierazi zuen Miguel Madariagak, talde laranjaren managerrak.
Talde bikaina
Euskaltel-Euskadik badu nahikoa eskarmentu Tourrean, izan ere, aurtengoan taldeak zortzigarren aldiz parte hartuko du. Dauphine Libérén ikusitakoaren ondoren -taldeka irabazle atera ziren euskaldunak- Tourrera sasoian iritsiko dela dirudi.
Juanjo Oroz debutariaren aburuz, -bera eta Jorge Azanzaren arteko lehia itzela izan da Tourreko taldean sartzeko- talde bikaina eratu da azkenean.
«Tourra noiz hasiko zain gaude. Ilusio handiz ekingo diogu, nire ustez, taldea bikaina da-eta. Ez dakigu noraino irits gaitezkeen, baina taldeburuak aurrean ibiliko direla uste dugu. Hala ere, gure sekretua talde lanean dago. Hortik etorri behar da gure arrakasta».
«Etapa bat irabazita, gure helburua beteko genuke», adierazi zuen Miguel Madariagak. Horixe da Tourrera Samuel Sánchez eramateko arrazoi nagusia, asturiarra baita garaipen gehien lortutako taldekidea.
CSCk eta Gerolsteinerrek ere beren taldeen berri eman zuten atzo. Schleck anaiak, eta Cancellara izango dira CSC-ko liderrak. Markus Fothen eta Stefan Schumacher izango dira alemaniarrek eramango dituzten taldeburuak.