Harri-jasotzea Marka saiakera
Mari Jose Sardonek markak hausten jarraitu nahi du
Urnietakoak 131 kiloko harria berdindu nahi du bizkarrean gaur Andoainen, eta hori lortzen badu inoiz emakume batek egin ez duena egingo du
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Mari Jose Sardonek marka berri bat ezarri nahi du gaur Andoainen, bertako plazan, 131 kiloko zilindro zaharra bost minututan bizkar gainera jasotzea baita bere asmoa. Jaialdia, 17.30ean hasiko da, baina harri-jasotze ekinaldia 18.00ak aldera izango da. Helburua lortzen baldin badu, emakume batek inoiz egin ez duena egingo du gaur Mari Jose Sardonek.
125eko harriari hiru jasoaldi eman ostean, oso tarte txikia izan du orain hau prestatzeko, baina lehengo lanak balio zuela onartu zuen atzo Sardonek: «Egia esan, beste marketako lanak balio zuen, orain pisu astunagoa da, baina ez naiz hutsetik hasi», esan zuen.
Urnietako kirolaria lasai eta gogotsu dago: «Egia esan, une honetan lasai nago, eta gogo handiz. Niretzat azkeneko entrenamenduak garrantzi handia izaten du, eta azkeneko hori oso ongi atera zen. Horrek lasaitasuna ematen dit, konfiantza ere bai, eta ilusio handiarekin joango naiz», onartu zuen.
Azkenaldian egin dituen marketan jasoaldi bat baino gehiago eman izan dizkio, baina oraingo honetan bat jasotzeko prestatu dela esan zuen: «Agian batzuek ez dute sinetsiko, baina jasoaldi bat egiteko prestatu naiz. Jadanik pisu hauek handiak dira, eta ez dago bromarik. Gero, behin jasota, eta nire burua ongi ikusten baldin badut agian animatuko naiz, baina marka lortzen badut, horrekin gustura geratuko naiz», adierazi zuen.
Hasiera batean, gaurkoa, uda amaitu aurretik egingo duen azkeneko marka ahalegina izango dela ere onartu zuen, eta abuztuaren 16an Donostian emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dela ere baieztatu zuen. Hori, gainera, oso berri pozgarria da, emakumezkoetan lehen aldiz jokatuko baita lehiaketa hau. «Egia esan, sekulako ilusioa egiten dit txapelketa honek. Emakumeok lehen aldiz jokatuko baitugu. Berez, gutxienez hiru behar izaten dira, baina Miren Urkiola eta biok ados jarri gara, eta aurten, behintzat birekin jokatu nahi dut. Beraz, gaurkoa egin ostean, lehiaketa hori prestatu nahi dut, udako erakustaldiekin batera», esan zuen.
Andoainen, eta San Joan egunean, marka hau egitea berezia dela ere onartu zuen: «Andoain nire bigarren herria da. Han egiten dut lan, eta lagun ugari ditut bertan. Gainera, San Joan eguna, nire aitonak, aitak eta anaiak izen hori dute. Eguna eta lekua aproposa dela uste dut, eta espero dut neure helburua betetzea», esan zuen.
Azkeneko hilabete hau benetan mugitu izan da Sardonentzat, izan ere, 125 kilokoarekin bi marka egin ditu; gainera, harri-jasotzean ez ezik, judoan ere bai baitabil, eta orain dela hilabete eskas Espainiako Txapelketa irabazi zuen Usurbilgo taldearekin; kirol horri dagokionez ere baditu hainbat proiektu, oraingoz, egiten dituen biak bateragarriak baititu.
Aizkora
Gaur Andoainera joaten direnek, ordea, ez dute Sardonen marka bakarrik izango ikusgai, gazte mailako aizkolarien Euskal Herriko finala ere jokatuko baita. Bertan, honako aizkolari gazte hauek izango dira: Elorriaga II.a, Saralegi, Ohian Larretxea, Erasun eta Olano.
Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko moztu beharko ditu. Faboritoak aipatzerakoan Larretxea eta Erasun agertzen dira. Mailako Urrezko Aizkorako finala ere beraiek jokatu zuten, eta litekeena da gaur txapela bien artean egotea; dena den, besteak ere kontuan hartu beharrekoak dira.
Urnietarrak bost minutu izango ditu marka egin ahal izateko. Bere asmoa harria behin jasotzea da, baina hori lortzen baldin badu, eta berak bere burua ongi ikusiz gero, besteren batean jasotzen ere ahaleginduko da.