«Geurea ikurriña» agiriak babes zabala jaso du egun gutxiren buruan
Hamabost egunen buruan, milatik gora dira Bai Euskal Herriari herri ekimenak abiatutako egitasmoa babestuz bandera arrotzen «inposizioa» salatu eta «geurea ikurriña» dela aldarrikatu duten gizon eta emakumeak. Ehun bat elkartek eta antolakundek ere babestu dute Interneten jarrita dagoen adierazpena. Aurrerantzean, bide beretik jarraitu eta atxikimenduak jasotzen ahalegintzeaz gain, mobilizazioak ere izango direla iragarri dute.
GARA |
Bi aste besterik ez dira igaro Bai Euskal Herriari herri ekimenak «Geurea ikurriña» adierazpena aurkeztu eta bandera arrotzen «inposizioa geldiarazteko herritarren hesia» osatzeko deia egin zuenetik, eta milatik gora dira dagoeneko babesa eman dioten gizon eta emakumeak.
Herrialde eta ogibide anitzekoak dira sinatzaileak, besteak beste, kirolariak, langileak, ikasleak, irakasleak, etxeko andreak, abokatuak edota baserritarrak. Horien artean, gainera, aurpegi ezagunak ere badaude, hala nola, Su Ta Gar taldeko Aitor Gorosabel musikaria, Arantza Zulueta abokatua, Ives Matxikote Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea edota Rafa Diez Usabiaga sindikalista.
Norbanakoez gain, ehun elkarte eta antolakunde inguruk ere babesa eskaini nahi izan diote ikurrinaren aldeko kanpainari, eta horien artean ere aniztasuna nabarmena da; gaztetxe eta gazte asanbladak, hezkuntza alorreko eragileak, sindikatuak, talde ekologistak eta musika taldeak besteren artean.
Pozik dira sustatzaileak hamabost eguneko tartean jasotako erantzunarekin; edonola ere, ekimena ez dela bere horretan geratuko ohartarazi dute. Internet bidez, sinadurak biltzen jarraituko dutela adierazi eta aurrerantzean ere mobilizazioak izango direla jakinarazi dute.
Ikurrinak Euskal Herri osoa eta euskal gizartearen gehiengoa batzen du sinatzaileen iritziz; bandera espainola, haatik, inposizioaren, errepresioaren eta erabakitzeko dugun eskubidea ukazioaren ikurra» dela uste dute. Horiek horrela, euskal erakundeetan ikurrinak egon behar duela defendatu eta «inposizio» horri erantzutea euskal herritar orori dagokiola nabarmendu dute.
Auzitegi espainol batek aginduta eta Iñaki Azkuna alkateak onartuta, bandera espainola Bilboko udaletxeko balkoian jarrita dago apirilaz geroztik. Maiatzean, berriz, baina epaileen agindurik gabe, Donostiako udaletxera iritsi zen ikur hori. Bi hiriburu horiekin beraz, euskal lurralde guztietako hiriburuetan kulunkan dabiltza atzerriko banderak, espainola eta frantsesa.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ikurriña «folklorearen baitan ito» eta izaera ofiziala «ostu» nahi izatea leporatu die herri ekimenak bertako agintariei. Nafarroa Garaian, legez debekaturiko ikurra dela gogoratu du. Eta Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian berriz, bandera espainola, legez inposatu eta erakunde publiko orotan paratu nahi dutela salatu du.
Jokamolde desberdinak izan arren, «euskal ikurren desitxuratzea edota ikur arrotzen inposizioa» erabiliz, Euskal Herria «desagerrarazi» nahi da herri mugimenduaren hitzetan; eta Bilbon eta Donostian jazotakoa Gobernu espainolak euskal nortasunaren aurkako borrokan emandako azken pausoa dela salatu du. Horrez gain, euskal instituzioak gobernatzen dituztenek banderak ezartzeko laguntza eman izana kritikatu du herri ekimenak.