San Markoseko Mankomunitatearen aurrekontuak lehentasunei heldu die
Lehen onarpena eman diete aurtengo aurrekontuei. Mankomunitateko arduradunek adierazi zutenez, gaikako eta atez ateko bilketaren aldeko apustua egin dute eta «etorkizun garbi, osasuntsu eta ekologikoa ahalbidetzeko» urrats garrantzitsua dela ohartarazi zuten.
Maider EIZMENDI |
San Markoseko Mankomunitateak 2008rako aurrekontuei lehen onarpena eman die. «Etorkizun garbi, osasuntsu eta ekologikoa ahalbidetzeko» urrats gisa definitu zituzten atzo Rikardo Ortega erakundeko lehendakariak, Imanol Azpiroz lehendakariordeak eta Xabier Olano kontu hartzaileak egindako agerraldian. Aurtengo aurrekontua 23.957.200 eurokoa da, iazkoa baino %51 handiagoa hain zuzen.
Nabarmendu zutenez, gero eta gehiago birziklatzen da, baina, aldi berean, urtez urte gero eta zabor gehiago sortzen da: «Sortzen dugun zabor gehiena nahastuta biltzen jarraitzen badugu ez dugu arazoa konponduko, eta arazoa beste leku batera eramango dugu Euskal Herria zabortegi handi bat bihurtuz». Horren aurrean, San Markosen helburua ahalik eta zabor organiko gehien biltzea eta bere kalitatea bermatuko duen bilketa bultzatzea dela adierazi zuten. «Gure apustua gaikako bilketa da, gaikako bilketa nagusi izatea nahi dugu eredu garbi eta osasuntsu baten alde eta ingurumenari errespetua dion bilketa ereduaren alde gaudelako», zehaztu zuten. Zabor organikoa birziklatzeko modurik egokiena konpostajea dela sinetsita, atez ateko bilketaren aldeko apustu garbia egin dute. «Lana da, baina baita inbertsioa ere, ondorengo kudeaketa guztia errazten baitu; gure aurrekontuak norabide horretan jarri ditugu». Ez dute eredu hau herri bateko eremu txiki batera soilik mugatu nahi, herri guztietara zabaldu nahi dute.
Alde horretatik, euren aurrekontuek bi ardatz nagusi dituztela azaldu zuten: «Alde batetik, San Markoseko zabortegiko kudeaketa eta itxiera ahalbidetzeko kapitulua, zabortegia ixteko proiektua egiteko 130.000 euro hartu dira itxierako funtsetatik; eta bigarren ardatza zabor-bilketa ereduaren aldaketa ahalbidetzeko inbertsio kapitulua izango da». Horren haritik, zenbait proiektu nabarmendu zituzten, besteren artean, Usurbilgo garbigunea eta konposta egiteko planta eta Garbera merkataritza-gunean jarriko duten garbigunea.
San Markoseko zabortegiaren gisakorik ez dutela nahi esan zuten; «horrekin sortu den arazoa ez dugu beste inora eramaterik nahi». Zabortegiaren itxieraren gainean aurten ixteko itxaropena dutela adierazi zuten, oraindik ere zenbait gauza lotzeko badaude ere. Gainera, zabor sortzaile handiek zaborra bereiztu eta konposta egin dezaten neurriak hartzen ari direla ere nabarmendu zuten San Markoseko arduradunek.
Aurtengo aurrekontua 23.957.200 eurokoa da, iazkoa baino %51 handiagoa. Igoerarik nabarmenena inbertsio errealen atalak izan du. 2007ko aurrekontuarekin alderatuta, %185eko igoera izan du atal honek.