GARA > Idatzia > Gutunak

Oibar Egia, Igor Odriozola, Mikel Galartza 2003-07ko UEMAren Zuzendaritzako kideak

Herriz herri: gora Euskal Herri euskalduna

Beste urte batez, igaro berri den UEMA Egunean «Gora Euskal Herri euskalduna!» ozen oihukatu genuen. Izan ere, euskaldunak baikara, euskara baita Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza eta etorkizunean ere hala izan dadin nahi dugu. Horregatik, euskaraz biziko den herria nahi dugu, eguneroko bizitzan euskaraz arituko den herria. Helburu horri lotuta sortu zen UEMA eta horregatik bat egin genuen UEMAren aldeko lanean; Azpeitian ospatutako UEMA Egunera bertaratutako udal-hautetsiek eta herritarrek berretsitako helburua.

Ia 20 urte pasa dira UEMA sortu zenetik eta urte hauetan guztietan egindako lana oparoa izan bada ere, oraindik egiteko geratzen den lana beste horrenbestekoa da. Bide honetan 50 udalerritik gora elkartu dira eta milaka herritarrek bat egin dugu UEMAren proiektu eta helburuarekin. Herri aitzindariak Euskal Herri euskaldunaren aldeko borrokan, Euskal Herrian erdarak nagusi diren honetan, euskararen aldeko apustu argia egin duten herriak.

Hamaika borroka eta hamaika urrats eman ditugu urteotan; euskara planak abian jarri udaletan, herriko etxeetan euskararen erabilera normalizatzeko planak, mediku euskaldunak lortzeko eskaerak, merkataritza euskalduntzeko proiektuak... Hamaika lan eta emaitzak agerian, Kontseiluak egindako Herrietako Hizkuntza Politikaren Neurketak agerian utzi baitzuen UEMAko udalerriak zirela euskararen aldeko politika egokienak garatzen zituzten herriak. Hala ere, mahai gainean erronka berriak jarri behar ditugu.

Euskaraz bizi eta biziko den lurraldea osatzen ari garen honetan, erronka berrien sasoia dugu beraz. Oraindik herri asko eta asko ditugu UEMAren proiektura gehitu beharrekoak, herri euskaldun guztiei deia luzatzen diegu, bada, UEMAn sartzeko ahalegin berri honetan. Herri euskaldunak aipatzen ditugunean, dei eta ahalegin berezia egin beharra dago Euskal Herri osoan zabaldu dadin Euskal Herri osora hedatu behar dugu euskaraz bizitzearen aldeko aldarria, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza izanik, zonalde guztietan erein behar dugu hazia. Bada garaia UEMAren baitan Lapurdi, Zuberoa zein Behe Nafarroako herriak egotekoa.

Tamalez, bada aurkako biderik hartu duenik. Horrela, eurek kudeatutako bestelako erakundeek UEMAren «zerbitzuen» parekoak eskaintzen dituzten aitzakiapean, PNVren interes alderdikoiek hainbat udal UEMAtik ateratzera eraman dute. Tamalez, ez dute ulertu edo ulertu nahi UEMA Euskal Herriko udalerri euskaldunak biltzeko, kohesionatzeko, antolatzeko eta euren baitan euskararen garapen osoa bermatzeko mugimendu bat dela. EAEko udal batzuen zerbitzu prestaziorako erakundea baino, euskararen arnas gune diren herrietan euskaraz bizitzea bultzatu eta kimu hau EH osora hedatu asmo duen mugimendua dela.

Baina UEMAk bereari eutsi behar dio eta bide honetan herri gehiago biltzeaz gain, badu beste erronkarik, hizkuntza eskubideak aitortu eta bermatzeko bidean urrats berria ematea, hain zuzen. Orain arte, irabazitako bidea babesteko lege geriza minimoa behar dugu. Euskarak ofiziala izan behar du bere lurralde osoan, lehentasunezko eta Euskal Herriko berezko hizkuntza legez izendatu beharra dago, euskaldunon hizkuntza eskubideak aitortu eta bermatzeko bideak jarri behar dira. Lan horretan, UEMAren baitako udalok aitzindari izateko aukera dugu geuri dagokigun eremuan, udalerrian bertan euskarari zor zaion estatusa onartuz, hizkuntza eskubideak betetzeko baliagarriak izango diren udal ordenantzak ezarriaz. Atzerapausoei ateak itxi eta aurrerapausoei bide berriak irekiz.

Hala ere, badugu azkeneko erronka bat UEMAko udalok, Euskal Herria euskalduntzeko eragile eta akuilu bilakatzea herritarrak eurak. Urteetan euskalgintzatik adierazi den bezala, Euskal Herria euskalduntzea ez da erakunde, eragile edo instituzio batzuen zeregina soilik. Euskal Herria euskaldunak, euskaraz biziko den herria, herritar guztion nahia eta zeregina izan behar du. Udalek herritarrengandik hurbil dauden heinean, herritarren kontzientzia piztu eta astintzeko gai izan behar dute. UEMA aitzindari dugu Euskal Herria euskalduntzeko bidean, baina herritar guztiok parte hartu behar dugu lan horretan.

UEMA Eguna igarota, egunerokoan UEMAren helburuen aldeko lana burutzea dagokigu; udal-hautetsiak, jendarte-eragileak eta herritarrak elkarlanean. UEMAn udalerri euskaldun guztiak bertakotuz, UEMAren sorrerako helburuak berreskuratuz eta horietan sakonduz, finean, euskaraz bizi diren herrietan sustraiak jarriz Euskal Herria Euskalduna eraikiz. Sustraiak galtzen ez utzi, euskarari eutsi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo