GARA > Idatzia > Mendia

Mendi lasterketak probak

Euskal ordezkariak bikain hitzordu nagusian

Mendi Lasterketen Espainiako Txapelketan Alizia Olazabalek, Zuhaitz Ezpeletak eta euskal selekzioak zilar bana erdietsi zuten. Euskadiko Kopak Baigorrin izan du bigarren hitzordua.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Euskal selekzioko korrikalariak gero eta emaitza hobeak eskuratzen ari dira. Aurreko kronika batean aipatu genizuen FEDMEk antolatutako Espainiako Kopako bigarren proban Oihana Azkorbebeitiak eta Zuhaitz Ezpeletak irabazi zutela. Orain, berriz, Espainiako Txapelketan EMFk bultzatutako taldeak goi mailako postuak lortu ditu. Castello aldean jokatutako Marxa Magdalena-Penyeta Roja lasterketan hiru zilarrezko domina lortu zituzten. Eta horien protagonistak Alizia Olazabal, Zuhaitz Ezpeleta eta euskal selekzioa bera izan dira.

Lasterka egindako 36 kilometroko ibilbidean 2.100 metroko goranzko desnibela gainditu behar izan zuten. Lehenbiziko zatia nahiko gogorra eta teknikoa; hainbat lekutan soka finkoak jarri behar izan zituzten. Bigarrena, berriz, azkarragoa, baina, hori bai, hankak izorratzen dituzten horietakoa; azken 18 kilometroak oso gorabeheratsuak ziren.

Nesken mailari dagokionez, lasterketetatik kanpo denbora asko zeraman Monica Ardid indartsu azaldu zen. Azaldu eta nagusitasun handia erakutsi zuen. Irteera eman bezain laster, duela hiru urteko Espainiako txapeldunak ihes egin zuen. Hortik aurrera Ardid bakarrik joan zen, eta helmugan lehena izan zen 4:06:50 denborarekin. Atzean beste lasterketa bat jokatu zen, Alizia Olazabal eta Esther Hernandezen artekoa. Azkenean, euskal ordezkaria izan zen bigarren sei minutura, eta Hernandez hirugarren.

Olazabal pozik zegoen hitzordu nagusi horretan egindako lanarekin: «Helburu nagusietakoa zen eta, Europako Txapelketan bezala, ondo bete dut. Monica oso-oso indartsu zegoen eta haren aurka ez zegoen ezer egiterik; lasterketa hau gogoz prestatu zuen. Nire helburua lehenengo lauen artean sailkatzea zen eta, Monicarena ikusirik, nire lasterketa egitea erabaki nuen. Esther eta bion arteko lehia polita izan zen, eta azkenean bigarren izan nintzen».

Beste bi zilar

Lehenengo zilarra, beraz, Olazabalen eskutik iritsi zen. Bigarrena Zuhaitz Ezpeletak irabazi zuen. «Zoritxarrez», FEDMEk antolatutako txapelketan azaltzea erabaki zuen Raul Garciak. Horrek, jakina, ezustekorik ezean, argi erakusten zuen segoviarrak ez zuela arazo handirik izango hirugarren urtez jarraian txapela eramateko. Eta hala izan zen. Beste behin, nagusitasun osoz gailendu zen Garcia, eta 3:13:56 denborarekin lortu zuen urrea. Faboritoen bigarren «lasterketa» Mario Llorens-ek, Tofol Castanyer-ek, Remigio Queral-ek eta Ezpeletak berak osatu zuten. Helmugarako sei kilometro falta zirenean, Llorensek eta Ezpeletak erritmoa azkartu eta beste lehiakideak atzean utzi zituzten. Euskal selekziokidea bigarren izan zen Garciarengandik 12 minutura; hirugarren postua Llorensentzat izan zen.

Olazabalek bezala, Ezpeletak ere gustura hitz egin du lortutako zilarraz: «Helburuen artean nuen txapelketa hau. Hala ere, aurtengo egutegia aldatuta nuenez, ez nuen espero hain aurrean ibiltzea. Lasterketa oso gogorra izan da eta denak leher eginda iritsi gara; beroak eta ibilbidearen gogortasunak bakoitza bere lekuan utzi dute. Raulen garaipena oso argia izan da. Beste lehia horretan bigarren postua lortu dut, eta oso pozik nago. Pena bakarra geure selekzioak garaipena ez erdiestea izan da».

Irabazi ez, baina euskal selekzioak garrantzi handiko bigarren postua eskuratu zuen; lehenengo Kataluniakoa izan zen, eta hirugarren Valentziakoa.

Bestalde, Euskadiko Kopari dagokionez, Nafarroa Beherean jokatu da bigarren proba: Artzainen Lasterkaldiaren 13. aldia. Probak 21,8 kilometroko ibilbidea zuen, eta korrikalariek 1.400 metroko goranzko desnibela gainditu behar izan zuten. 137 parte-hartzaileek Baigorri inguruko mendietan egin zuten lasterka: Olandoi, Aharza... Nesketan onena Nerea Amilibia izan zen, bigarren Ainhoa Jauregi eta hirugarren Iratxe Etxebarria. Mutiletan, berriz, Fernando Etxegarai eta Zuhaitz Ezpeleta elkarrekin iritsi ziren helmugara, baina garaipena Etxegarairi eman zioten; hirugarren postua Jokin Lizeagak eskuratu zuen. Beteranoen mailan, Marie Carty eta Ander Unzurrunzaga izan ziren azkarrenak. Kopako hirugarren proba uztailaren 6an jokatuko da Aramotzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo