GARA > Idatzia > Kultura

Kimuak 2007ko film laburrek dagoeneko 82 sari lortu dituzte mundu zabaleko zinemaldietan

Kimuak programaren hamargarren edizioko zortzi filmak mundu zabaleko 500 zinemalditan hautatu eta proiektatu dituzte. Hamaikagarren edizioan izena eman nahi duten zinemagileentzako epea zabalik dago.

Martin ANSO | DONOSTIA

Kimuak programaren hamargarren edizioko zortzi film laburrak irailean aurkeztu zituzten eta, geroztik, mundu zabaleko 500 zinemalditan hautatu dituzte. Sarituak ere izan dira; izan ere, dagoeneko 82 dira irabazitako sariak, horietatik 20 nazioarte mailakoak. «Balantzea -behin-behinekoa, filmak oraindik beren bidea egiten ari baitira-, oso positiboa da, are gehiago, bikaina», adierazi zuen atzo prentsaurrekoan Txema Muñoz programaren koordinatzaileak.

Irabazitako sarien artean, nabarmentzekoak dira Izibene Oñederraren «Hezurbeltzak» filmak Sttutgart-en, Brooklyn-en eta Zagreb-en lortutakoak. Koldo Almandozen «Columba Palumbus», berriz, Kolonbian saritu dute; Victor Iriarteren «Decir adiós», Uruguain; Haritz Zubillagaren «Las horas muertas» eta Ugo Sanzen «No es una buena idea», Italian; eta Jorge Doradoren, Luiso Berdejoren eta Borja Cobeagaren «Limoncello», Alemanian. Dena dela, zinemaldiek gehien hautatu dituzten filmak Telmo Esnalen «Taxi?» eta Daniel Sánchezen «Traumatología» izan dira. Bi horiek Ameriketako Estatu Batuetan, Estatu frantsesean eta Italian saritu dituzte.

Muñozen esanetan, emaitzak bereziki aipagarriak dira, batez ere Kimuak-ek aurten egin duen selekzioa «oso ausarta» izan dela kontuan izanik. «Arriskua zuten filmen aldeko apustua izan da; hautatutako filmak kalitate handikoak dira, baina ez dira konbentzionalak, eta zinemaldietan arrakasta izan ohi duten filmen parametroetatik ateratzen dira», argitu zuen.

Erreferentziazko ekimena

Aurtengo emaitzak programak azken urteotan lortu duen erreferentzialtasunaren adierazle dira. «Hainbat zinemaldik -aipatu zuen Muñozek adibide moduan- ez dute programazioa ixten Kimuak-eko euskal film labur berriak ikusi arte. Une honetan bertan, gure filmak, AEBetan, Alemanian, Norvegian, Australian, Italian, Korean, Marokon eta beste hainbat herrialdetan ikus daitezke».

Lakuako Kultura Sailak film laburrak sustatzeko eratutako programa da Kimuak eta, Gurutz Larrañaga sailburuordeak gogoratu zuenez, Euskal Filmategiak kudeatzen du, «bikain kudeatu ere», gehitu zuen.

Mikel Arregik, Filmategiko gerenteak, berriz, Kimuak 2008 edizioan parte hartu nahi duten zinemagileek izena emateko epea uztailaren 24an amaituko dela gogorarazi zuen. Argibide gehiago: Euskadiko Filmategia, 943-115511 edota kimuak@filmotecavasca.com.

Izibene Oñederra, aurtengo ustekabea

Izibene Oñederraren «Hezurbeltzak» izan da aurtengo ustekabea. Animaziozkoa da, zuri-beltzean, eta zeharo surrealista. Filmak harrera ona izatea zaila izango zela iritzita ere, Kimuak programan sartu zuten. Usteak erdia ustel, ordea, filmak dagoeneko bederatzi sari lortu baititu; besteak beste, Stuttgart-en, Brooklyn-en, Zagreb-en, Mexikon eta Animadrid-en. Atzo, Oñederrak bere poza azaldu eta Kimuak goraipatzeko aprobetxatu zuen. «Programa honi esker, esfortzua eta dirutza aurrezten dugu -esan zuen-. Oso erosoa da, sortzaileok sortzeaz arduratzen gara eta haiek, berriz, banatzeaz. Are gehiago, film berri bat egiten badut, ez dut zer egin asmatuko Kimuak programak aukeratzen ez badu», gehitu zuen txantxetan... baina, aldi berean, oso serio. M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo