GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aitonaren-amonen hizkera aberatsa internetera eraman dute oiartzunen

Proiektuak «Oiartzunen baitan» du izena, eta ahozko ondarea eta memoria kolektiboa jasotzeko eta hedatzeko balio du. Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak berrogei aiton-amona elkarrizketatu ditu. Solasaldiok grabatu, eta Interneten plazaratu ditu bideoak: «ahotsak.com» eta «oiartzuarrenbaitan.com» helbideetan. Ahozko ondarea denon artean osatzea da asmoa.

p016_f01.jpg

Maider IANTZI

Oiartzungo hizkera eta historia ezagutzeko eta ikertzeko material ugari paratu du Interneten Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak. Bertako kideek azaldu dutenez, adituek ondorio zehatzagoak aterako dituzte, baina badira dagoeneko ageriko kontu batzuk. Adibide bat jarri dute: «`Gustatzen nau' esan orduko hor izaten ditugu kanpotarrak zuzentzen, `Hori gaizki esaten duzue', eta guk, lasai asko, `Oiartzunen beti horrela esan izan dugu, aizu!'. Bada ez! Edadeko jendeak gurekin ari denean akaso batzuetan esango du, baina beraien artean ari direnean, eta gurekin berriketan aritu direnean ere, `zit' edo `zitt' esaten dute (zait). Eta ez aditz forma horrekin soilik. Oro har, gure aiton-amonek guk baino hobeto bereizten dituzte nor-nori, nor-nork eta nor-nori-nork erako aditz laguntzaileak».

Hika ere gazteak baino hobeki moldatzen direla konturatu dira: badakite zeinekin aritu; emakumeen hizkera eta gizonena bereizten ere bai... Gainera, auzo bakoitzak ezaugarri bereziak ditu.

Hizkuntza ezaugarriez gain, herriko ohitura batzuk bildu dituzte: txondorrak, karobiak, mandazainak, gobara... Historiari buruzkoak ere bai, Errepublika garaia, gerra eta gerra ondorena. Emakumeen lekukotasuna ere aipatzekoa da. Izan ere, orain arte egindako lanetan lekuko gehienak gizonezkoak izan dira; «Oiartzuarren baitan» proiektuan, berriz, elkarrizketatutakoen erdia baino gehiago emakumezkoak dira. Ez hori bakarrik. Datu bilketa soila egin ordez, solasaldiak grabatu dituztenez, gutxitan jaso izan diren testigantzak jaso dituzte: gobararekin lotutakoak, familiarekin, haurrekin, jaiotzarekin, heriotzarekin... Esaterako, emakumeek eta gizonek gerrako gertakariak bestela kontatzen dituztela adierazi dute. «Gizonezkoak nor-non-noiz-nork azalduko ditu, eta emakumeak, zergatiak-ondorioak-sentimenduak gaineratuko ditu».

Egitasmoa joan den ostiralean aurkeztu zuten Oiartzungo Petra Lekuona zaharren egoitzan. Gainera, elkarrizketatutako aiton-amonei omenaldia egin zieten. Izan ere, Ane Lardi proiektuaren koordinatzaileak erran duenez, benetako protagonistak elkarrizketatutakoak dira. Beren lekukotasuna hagitz garrantzitsua da hizkuntzaren erabilera sustatzeko, eta esker onaren erakusgarri, oroigarria eman zieten. «Denak herrikoak eta ezagunak izaki, ondoren egin genuen afari-meriendan aspaldiko kontuak atera ziren berriro ere. Badugu zer ikasia!», adierazi du Lardik. «Gure eskaerari ez diote inongo erreparorik jarri, eta beraiekin partekatutako uneak ederrak izan dira. Hizkerari buruzkoez gain, gauza asko ikasi dugu beraiekin. Txalogarria da egokitu zaien bizimodu gogorrari nola egin dioten aurre, eta, hala ere, umoreari nola eutsi dioten», gaineratu du.

Herri hizkerari eutsi eta transmititu

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak euskararen erabilera bermatzea du helburu. Azaldu dutenez, herri hizkera naturala eta aberatsa da eta hori dela-eta, hagitz garrantzitsua da ondare hori ondorengo belaunaldiei helaraztea. Asmo hori betetze aldera, aiton-amonen hizkera jasotzeari ekin zioten Badihardugu Euskara Elkarteak eskainitako tresnarekin eta metodologiarekin eta Udalaren babesarekin.

 

Webgune interaktiboa, denen artean berritzeko

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko bozeramaileek adierazi dutenez, belaunaldi zaharrak dira ahozko transmisioa garatuen dutenak, komunikazio tresnak aldatzearekin batera, hizkera «pobretu» egin baita. 2005ean, Badihardugu Euskara Elkartearen lanaren berri izan zuten. Deba Ibarreko hizkerak jaso, digitalizatu eta datu-base bat osatzen ari ziren, gaur egun «ahotsak.com» webgunean dagoena, bertze hainbat tokitako ondarearekin batera. Bada, hori ikusita, Oiartzungo hizkera jaso eta hedatzea erabaki zuten.

«Ahotsak.com»-en pasarte interesgarrienak jarri dituzte; «oiartzuarrenbaitan.com»-en, guztiak. Azken webgune hau interaktiboa izatea nahi dute, eta ikertzaileei begira egin dute bereziki. Honakoa ahozko ondarearen lehendabiziko emaitza da; oraindik lan anitz dute egiteko: transkripzioak, hedapena, aplikazioa, euskarri ezberdinetako elkarrizketak, testigantza berriak... Denen artean ondarea etengabe berritu nahi dute. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo