GARA > Idatzia > Mundua

EBean arrazismoaren aurkako legeak ez direla kontuan hartzen nabarmendu dute

Europar Batasuneko 27 estatuetan arrazakeria hazi dela eta horren aurrean ez direla indarrean dauden legeak erabiltzen salatu du Bruselan aurkeztu zen txosten ofizial batek.

p025_f01_148x104.jpg

GARA |

Europar Batasuna (EB) osatzen duten estatuen gehiengoak modu desegokian erabiltzen ditu arrazismoaren aurka egiteko indarrean dauden erkidegoko arauak. Are gehiago, EBeko Oinarrizko Eskubideen Agentziak adierazi zuenez, estatu ugarik ez dute jarduera horien kontrako daturik biltzen ere.

Gauzak horrela, agentzia horretako administrazio-kontseiluko presidente Anastasia Crickley-k azaldu zuenez, bazterkeriaren aurkako Europako legedia «modu irregularrean» erabiltzen da.

«Jarduera hauei ez zaie behar bezala aurre egiten» EBeko estatu ugaritan, nabarmentzen du atzo agentzia honek Bruselan aurkeztu zuen txostenak.

Horrela, EBeko hamabi estatutan ez zen ez 2006an, ez 2007an arrazakeriaren aurkako zigorrik edo isunik ezarri.

Beste hamabost estatutan ezarri diren zigor kopuruan alde nabarmenak daude. Alde batetik, Britainia Handiak 95 zigor ezarri zituen bitartean, beste hamalau estaturen artean 94 besterik ez zituzten ezarri.

Horrez gain, hiru estatuk (Estatu espainola, Txekia eta Luxenburgo) ez zuten, 2007ko abenduan, berdintasuna eta bazterkeria eza indartzeko erakunderik.

Agentziaren txostenak gogora ekartzen duenez, EBeko Ministroen Kontseiluak arraza edo jatorri etnikoa dela-eta bazterkeriaren aurka egiteko batzorde bat sortzea erabaki zuen 2007ko urrian.

Bruselan aurkezturiko txostenaren arabera, EBeko 27 estatuetatik soilik hamaikak jasotzen dituzte arrazoi arrazistek eragindako krimenen inguruko datuak. Ezinbestekotzat jotzen da datu horien berri izatea joerak aztertu ahal izateko.

Krimenak gora

Hamaika estatu horietatik zazpitan, 2006. urtera arte jasotako datuen arabera, krimen arrazisten gorakada izan dela antzematen da. Bi estatutan kopuruak behera egin zuen eta beste bitan mantendu egin zen.

Arrazakeria oinarri duten krimenen igoera hori «kezkagarria» dela adierazi zuen Crickleyk.

Adibide gisa, Alemanian %14 hazi ziren krimen horiek 2005etik 2006era, guztira 18.142 kasu izan ziren. Eslovakian, %55 hazi ziren, abiapuntua dezente baxuagoa izanik, orotara 188 kasu zirelako.

Europar Batasunean soilik lau estatuk jasotzen dituzte joeren azterketa egin ahal izateko behar beste delitu antisemita; Alemaniak, Estatu frantsesak, Britainia Handiak eta Suediak hain zuzen.

Bestalde, Alemaniak, Austriak, Estatu frantsesak eta Suediak egiten dute hori bera eskuin muturrarekin lotura duten delituekin.

Txostenaren beste aldean, hiru estatuk (Estatu espainolak, Ziprek eta Greziak) ez dute arrazakerian oinarritutako delituen gaineko inolako daturik, ez poliziaren, ez epaitegien, ez eta Barne Ministerioaren daturik.

Ijitoei dagokienez, 27 estatuetatik hamaseitan indarrez egindako kaleratzeak edo etxebizitza eskuratzeko arazoak izan dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo