Harri-jasotzea Marka ahalegina
Sardonek hiru aldiz berdindu du 131 kiloko zilindroa
Urnietako kirolariak emakume batek plazan inoiz egin ez duena egin du
Jon LEUNDA | ANDOAIN
Marijose Sardonek historia egiten jarraitzen du. Atzo marka handi bat ezarri zuen Andoainen, izan ere, hiru aldiz berdindu zuen 131 kiloko zilindro zaharra bost minutuko txanda bakar batean. Orain arte emakume batek plazan inoiz jaso duen harririk handiena jaso zuen. Aurreko marka ere berak lortutakoa zen, baina atzo bost kilo gehiago jaso zituen.
Ikusmin handia piztu zen atzoko marka saiakerarako, eta zaleek ez zuten hutsik egin, nahiz eta leku askotan jaieguna ez izan. 2.000 ikusle inguru elkartu ziren Andoaingo plazan, eta amaieran sutsuki eskertu zuten Urnietako kirolariak egindako lana.
Sardonek GARAri atzo bertan iragarri zion moduan, jasoaldi bat ematea zuen helburu, baina berak argi utzi zuen hori betez gero, agian gehiagorako ahalegina ere egingo zuela, eta horrelaxe gertatu zen. Lehen jasoaldi bikaina egin zuen, eta horrek bultzatuta beste bi ere eman zizkion, eta azkenean hiru jasoaldi egin zituen.
Egin beharreko beroketak egin ostean, eta Telleria, prestatzailea gidari zuela, harriari heldu zion. Pazientzia handiz aritu zen; jasoaldia ongi landu nahi zuen, eta halaxe egin zuen. Gerrira ekarri zuen, han buelta eman, hiru kolpe eman eta bizkarrean berdindu zuen, eta behin berdinduta han eutsi zion tarte batean, jasoaldia lortuko zuela ziurtatu arte. Hogeita lau segundo behar izan zituen jasoaldia egiteko.
Jasoaldi bikaina egin zuen, eta horrek indarra eman zion. Tarte bat hartu zuen atseden apur bat hartzeko, eta berriro ere harriari heldu, eta lehen jasoaldiaren itxura zuen bigarrena eman zion. Harria gerrira ekarri, han buelta eman, hiru kolpe eta berdindu egin zuen, eta berriro ere bizkarrera jaso zuen harria. Bigarren jasoaldi hau egiteko 3 minutu eta 31 segundo behar izan zituen.
Bazirudien hor amaituko zela bere ahalegina, baina oraindik tartea bazuenez, jendea animoak ematen hasi zitzaion, eta urnietarra berotuta zegoenez, eta gorputzaldi bikaina zuenez, hirugarren aldiz heldu zion harriari, eta berriro ere gerrira ekarri, buelta eman, eta hiru kolpetan berdindu zuen harria. Hirugarren jasoaldi hau 4 minutu eta 56 segundotan eman zion.
Oso gustura
Urnietarra pozez gainezka zegoen saioa amaitu ostean, eta ez zen gutxiagorako: «Jasoaldi bat ematera etorri naiz. Aurretik, entrenamenduetan jasoaldi bat eman izan diot, baina behin bat jasota, nire burua oso ongi ikusi dut, gehiago ere egin nitzakeela iruditu zait, eta aurrera egin dut. Hiru jasoaldi on eman dizkiodala uste dut eta oso gustura nago», esan zuen. Hurrengo helburua, Euskal Herriko Txapelketa izango da.
Atzo Andoainen jokatu zen aizkolarien gazte mailako Euskal Herriko Txapelketa ere, eta Urrezko Aizkoran gertatu bezala, atzo berriz ere Ander Erasunek irabazi zuen. Lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko mozteko, Aurtizkoak, 10 minutu eta 23 segundo behar izan zituen. Bigarren Ohian Larretxea sailkatu zen, eta Berakoak, berriz, 10 minutu eta 45 minututan burutu zituen lanak. Saralegi izan zen hirugarren, 12 minutu eta 54 segundo behar izan zituen. Laugarren, berriz, Elorriaga II.a izan zen, 19 minutu eta berrogeita hamar segundoko denbora eginda. Arazo pertsonalak medio, Olanok ezin izan zuen parte hartu.