GARA > Idatzia > Editoriala

Biktimen hierarkizazio onartezina

Giza Eskubideen Zuzendaritzako arduradun Jon Mirena Landak motibo politikoen ondorio diren biktimei buruzko txostena aurkeztu zuen atzo Gasteizko Legebiltzarrean. Txosten mugatua, Landak berak onartu zuen moduan; hala ere, aldeko jarrerak eta txostena osatzen jarraitzeko eskakizunak ez ezik, jarrera epelak eta kontrakoak ere eragin zituen. Urteetako bazterkeria eta mespretxua kitatzen ez baditu ere, aurrerapausoa da, Estatuaren biktima guztiei zor zaien aitortza bidean abiapuntua.

Txosten hori aldaketa da biktimen trataerari dagokionez, bidegabekeria handi bat zuzentzeko lehen pausoa. Hala ere, EAJk denbora behar du bere jarreraren inguruko hausnarketa egiteko eta, nolanahi ere, aldaketa horretatik aldendu zuen bere burua, biktima batzuk eta besteak desberdinak diren ustea argi utzita, Giza Eskubideen Zuzendaritzaren txostenak jasotzen dituen biktimek bigarren mailakoak izaten jarraitzen baitute haren ustez. Argigarria da atzo bertan, Landak txostena aurkeztu berri, Maixabel Lasak biktimen gaineko beste txosten baten berri eman izana. Horrek Batallón Vasco Español, GAL eta antzeko talde parapolizialen biktimak jasotzen ditu, baina ez Estatuaren indar armatuenak. Pentsa liteke «erdibideko» akordio bat lortzen saiatuko direla, beti ere Estatuaren indarkeriaren ondorioak jasan dituztenak orain arte bezala bazter uzteko. PPk eta PSEk txostenaren kontrako jarrera erakutsi izana ez da harritzekoa, ezta PSEk polizia indarren defentsa sutsua egin izana, baina adierazgarriak izan ziren Rodolfo Aresen hitzak, ETAren biktimak errugabeak eta Poliziarenak «jarduera terroristaren» ondorioz hilak direla esanez, edo jarrera gogor hori bera erakutsiz Etxerateko ordezkarien aurrean, euskal preso politikoen senide izateak erantzukizun gehigarria ekarriko balie bezala.

Gehiegizkoa, edo alferrikakoa, dirudi zenbait alderdi politikori sufrimenduaren hierarkizazioa alboratzeko eskatzeak, baina aldarrikatzen duten etikak baino beren bazterkeria eta mespretxuak definitzen dituela jakin beharko lukete. Edozein instituzio demokratikok jarrera hori izatea, berriz, onartezina da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo