Errenteriako geltokiari su eman izana leporatu zieten bi gazte aske utzi dituzte
GARA |
Auzitegi Nazionalak aske utzi zituen atzo Euskotren-en geltokiari su eman izana leporatuta atxilotutako bi gazte. Oreretako bi gazteak 2006ko irailaren 19an Gaztaño auzoan atxilotu zituen Ertzaintzak, egun hartan tren geltokian gertatutako sutearen egileak izatea leporatuz.
Joan den astean izan zen gazteen kontrako epaiketa, eta atzo jakinarazi zutenez, Auzitegi Nazionalak ez ditu ontzat eman euren aurka aurkeztutako frogak. Izan ere, gazteek tren geltokiko arduradunaren arabera egileek zeramaten arroparen antzekoa eramatea izan da geltokitik hurbil zeuden gazteak auzipetzeko erabilitako argudioa. Epaian agertzen denez, kontuan hartzekoa da aztarnak ikertu zirenean izandako emaitza; izan ere, sua pizteko materiala eta gazteei atzemandakoa ez ziren berberak.