GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lizarraldeko errepresioa salatzeko manifestazioa antolatu dute

GARA |

Lizarraldean azken hilabeteetan nabaria den polizia-errepresioa salatzeko manifestazioa iragarri dute ostiral honetarako. Foru enparantzatik abiatuko da 20.00etan, «Lizarraldeak ez duela foruzainen errepresioa onartuko adierazteko, ezta Guardia Zibilarena ere», antolatzaileek jakinarazi zutenez. Deialdia atzo egin zuten, izan ere, Lizarran bertan hiru foruzainen kontrako epaiketa egin zela-eta, Beñat Miñano gaztea jipoitu izanaren akusaziopean.

Joan den martxoaren 1ean foruzainek Miñano gaztea atxilotu zuten, eta orduan salatu zuenez, haiek emandako kolpeak jasan zituen. Atzoko saioan, salaketa hori berretsi zuen. Foruzainek berriz, «beharrezkoa zen indarra» erabili zutela adierazi zuten, eta fiskalak ez zuen horien kontrako zigorrik eskatu. Horrenbestez, epaiaren zain geratu zen auzia.

Barañainen pistolarekin

Foruzaingoaren errepresioa gero eta nabarmenagoa dela salatu zuen Askatasunak, eta gero eta argiago dago erakundearen ustez, polizia talde hori UPNren zerbitzura dagoela.

Horren adibide Barañainen joan den ostiralean gertatutakoa jarri zuen: herri mugimenduari jaiak antolatzerakoan ezarri zaizkion debekuak direla-eta izandako protestan, kalez jantzitako foruzain batek pistola ateraz mehatxu egin zien herritarrei. Horien erantzunaren aurrean ihesari eman zionean, foruzaina udaltzainek gelditu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo