GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Medusen kontrako EPOportua

Azken egunotan ez zait erraza GARA irakurtzea, nahaspilatu egiten naiz kableekin. Hau zoritxarra nirea! Nire egiten ditudan egunkari guztiak itxi egiten dituzte, edo kablez josi! «Despotismo ilustratua» esango lukeela besteak. Ez pentsa nire zoritxar hori txikiagoa denik Tourreko porran. Bai zera! nire zerrendako gehienak txirrindulari-meta guztietan behe-behean direnak dira. Akabua! Hortaz, badakizue zertan diren diferente Tourra eta Lakua? Han positiboa dena negatibo hartzen da; Lakuan, ostera, datorkien negatibo guztia positibo ikusi nahi, geroa beti etorkizun utzita.

Hirugarren generazioko EPO han eta lehenengokoa, bakarra, Lakuaren kasuan: Espainiako Prentsa Ofiziala. Tourreko leloa «EPO pixka bat est trop» den bitartean Lakuarena «EPO mordo bat es poko» da. Talka trenena izango zela ahoa betetzeraino esan eta azkenean talka EPOen artekoa izan: Espainiako Prentsa Ofiziala eta Euskadiko Prentsa Ofiziala. Talkarik balego, ez dabilen urak ez baitu errotarria mugitzen, errotariak begira egon arren. Izan ere Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian kontsulta-legearena agertu eta ikurrinak Iruñako udal-balkoian arraza egunean egiten duen denbora baino gutxiagokoan ernatu zen beheko estatuko EPO. Denbora gehiago behar izan zuen, ordea, GARAko egoitzako kableenaz zer edo zer papereratzeko; ia-ia esan liteke arinago joan direla orain arteko indusketa lanak Atapuercan. Tira, harira! atrebentzia behar gero Lakuaren aldizkari ofizialak Lakuako gobernuari Euskal Herriko Agintaritza deitzeko! Kirol selekzioei ere horrela deitu nahi ez dutenean!. Kasurako, UPV-EHU Euskadiko unibertsitatea izanda UE-EU deitu beharko zuten, korrokadatxo baten onomatopeia irudituko balu ere.

«Despotismo ilustratua» zioen besteak. Eta puntualean arrazoia falta ez. Dena herriaren izenean herria aintzat hartu gabe, salatzen zuen horrek. Eta nik berari gogoratu: dena harriaren izenean herriak aintzat hartu gabe; herri txikiak batez ere, handitasunez beteak. Horra hirugarren generazioko ekoportua Gipuzkoako kostaldean; EPOportua beharko, batzuek etengabeko dosia behar baitute, harri-dosia. Kapaz dira epoportu handi berria medusen kontrako babes neurri modura aurkezteko. Kapaz. Eta museo berria Urdaibain. Arren, ez dezatela nire inguruko parajea babesteko zerrendan sartu! Otoi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo