Humberto Trapero Askapeneko brigadista
Bizitza maite dudalako, ez dut Coca Cola edaten
Boikota abiatu zenetik bost urte igaro direnean, Coca Cola-n sindikalisten kontrako heriotza mehatxuak ohikoak dira, arrazoirik gabeko kaleratzeak egin dira, haurren esplotazioak bere horretan dirau, eta ur baliabideen lapurreta etengabea da
Gaur egun Kolonbian dagoen egoera izugarria da: 33 legebiltzarkide ofizialista espetxean sartuta eta beste 70, Álvaro Uribe Vélez egungo lehendakaria barne, ikerketapean. Paramilitar batek fiskaltzaren aurrean zera adierazi zuen otsailean: Álvaro Uribek eta bere anaia Santiagok Antioquiako Departamentuan egin zen sarraski batean esku hartu zutela. Sarraski hartan 15 nekazari garbitu zituzten.
Azkenaldian, beste erailketa uholde bat izan da Kolonbian, eta horren erakusgarri da aurtengo lehen hilabeteetan hil dituzten 21 sindikalista. Hartara, paramilitarismoak, izen aldaketak gorabehera (lehen «Convivir» eta «AUC», orain «Águilas Negras»), ekinean jarraitzen du inolako zigorrik gabe. Zergatik? Beren sortzaileek, politikoek, lurjabeek, transnazionalek, eta abarrek, edonolako herri elkarte, komunitate, erakunde edo sindikatu garbitzeko apustuari eusten diotelako. Ondorioz, torturak, atxiloketa masiboak, sarraskiak, buruzagi herrikoien hilketak, giza eskubideen defendatzaileen eta sindikalisten aurkako jazarpena, ihes-egite behartuak... eguneroko ogia dira; giza hondamendi nabarmena da, eta estatua, bere ekintzez edota bere onarpenez, Kolonbian gertatzen denaren errudun nagusia da.
Parapolitika honi atxikita dabil Coca Cola transnazionala, Kolonbiako mugimendu sindikalaren garbiketaren arduradun nagusietako bat; gaurdaino bere lantegian diharduen Sinaltrainalek, elikagaien esparruko sindikatuak, 9 hildako, ehunka heriotza-mehatxu, ihes-egite behartu eta langileen kaleratzeak pairatu ditu.
Coca Cola-ren aurka hainbat epaiketa publiko egin ostean, 2003an, enpresa hori Kolonbiako Gobernuaren babespean egindako gizateriaren aurkako krimenengatik kondenatu zuten. Epaiketa haietan biktimei eman beharreko ordain gisa proposamen bat onetsi zuten (2003-01-23), eskaera ekonomikoak, sozialak eta politikoak jasotzen zirela bertan. Horrek, biktimentzako, egiaren aitortzea, justizia eta osatzea ekarriko luke, baita herritarren aurkako krimen gehiago egingo ez liratekeen bermea ere.
Igaro ziren 6 hilabete eta Coca Cola-ren aldetik erantzunik jasotzen ez zutela ikusita, 2003ko uztailaren 22an mundu osoko boikot kanpaina martxan jarri zuten, honako leloarekin: «Bizitza maite dudalako, ez dut Coca Cola-rik kontsumitzen». Orduz geroztik mundu osoan zabaltzen ari da kanpaina, Munduko Gizarte Foroaren babespean.
Langileen elkarteekin izan diren elkarrizketen bidez, transnazional honek egiten dituen politika gaiztoak frogatu ahal izan dira: hartara, munduak ezagutu du enpresa horren ukazio-jarrera harroa, herrien goseaz eta miseriaz aberasten den berbera. Eta jarrera aldaketa izan behar duela jakinarazi diote: giza eskubideak errespetatu behar dituela, alegia; biktimen samina osatzeko lain, gutxienez.
Tamalez, oraindik orain, boikota abiatu zenetik bost urte igaro direnean, Coca Cola-n lanean ari diren sindikalisten kontrako heriotza-mehatxuak egunerokoak direla ikusten dugu: langileen seme-alaben bahiketak eta torturak, langileen kaleratze arrazoigabeak, biltzeko eskubidea eta sindikatu askatasuna jazarrita eta kriminalizatuta daude, haurren esplotazioak bere horretan dirau eta komunitateen ur-baliabideen lapurreta etengabea da...
Euskal Herrian, beste behin ere, nazioarteko boikot kanpaina horri atxikitzen gatzaizkio, gehiegikeria horiek salatu eta Kolonbiako Coca Cola Companyren aurkako erresistentzia globalaren parte izan nahi dugu, Sinaltrainaleko langile eta beren senideei elkartasuna adierazten diegu ekintza jakinen bidez, internazionalismoa horrela ulertzen dugulako.
Uztailaren 22an, Coca Cola-ren aurkako nazioarteko egunean, euskal herritarrak kalera atera gaitezen dei egiten dugu, herriak eta langileen aurka transnazional honek egiten dituen erasoak salatu ditzagun.