GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Koloreak izendatzeko euskaldunon lexikoa «miseria beltzean» omen

Kolorearen kontzeptua «nahiko asmakizun berria» dela uste du Txema Preziado EHUko irakasleak, eta «egungo adieran artifizialtasunari atxikia». Gaineratu duenez, bilakaera historikoan «berandu lortutakoa eta garapen ekonomiko eta kimikoarekin oso lotua».

p019_f01.jpg

Xabi HERNANDEZ

Udako menuarekin jarraitzen du Udako Euskal Unibertsitateak egunotan. Joan den astean Eibarren izan ondoren, Lapurdiko hiriburuak hartu zuen lekukoa astelehenean eta, ohi bezala, larunbatera arteko hainbat ikastaroz osatu dira Baionako gutizia mamitsuak, datorren astean Iruñeko azkenburukoekin amaitu aurretik.

Gai anitz landu dituzte kurtsootan eta, anartean, talaiatik bi perla bitxi bezain interesgarriri ere eskaini diete tartea. Horietako berriena Txema Preziado irakasleak astelehenean bertan hasi eta asteazkenera bitartean bideratutako ikastaroa izan da, «Euskal ikuskera koloreen aurrean» izenekoa, hain zuzen ere. Izenburua bera argigarri suertatzen da haren gakoak ulertzeko orduan. Hau da, funtsean, euskal unibertsoaren ikuskera kromatikoa nolakoa den aztertzea, eta koloreak zer moldetan ulertzen eta izendatzen ditugun; hori guztia, ikuspegi antropologiko, kultural eta linguistikotik.

Preziadok esan duenez, «horri buruz dakiguna ez da asko; gertukoa, betidanikoa dela uste dugu, eta, ondorioz, ez da izaten arreta berezia merezi duen gaia». Horregatik, ezohiko gai batean murgiltzea bihurtu da ikastaroa, koloreak, zentzurik zabalenean, egunerokotasunaren atal garrantzitsu diren arren, usu oharkabean pasatzen baitzaizkigu, duten «dimentsio kulturala» dela-eta, baita ere «Mendebaldeko ikuskera» nagusituz joan dela-eta, «geurearen bazterketaz».

«Euskaldunak kolorerik ez»

Nahiz eta euskarak hainbat hitz edota baliabide izan bere baitan, hiztunok mailegatutakoak erabiltzen ditugu «barra-barra», Preziadoren iritziz, «ohartuta zein ez». Horrela, ohituta gaude marroi, arrosa, gris, laranja, more edo berde modukoak entzutera zein baliatzera, koloreei erreferentzia egitean. Eta, fenomenoa areagotzen da alor zehatzagoetaz ¯pinturen edota jantzien, autoen edo bestelako objektuen koloreak, esaterako¯ ari garenean. Izan ere, «kolore» izena bera ere mailegatutako terminoa dela ahanzten dugu sarri asko, gerora «margo» eta «kara» gisakoak lexikoan txertatu diren arren, mailegua ordezkatu asmoz edo.

Dena den, afera ez da, noski, izendapenera mugatzen, semantikaren eta pragmatikaren alderdiei dagokien bigarren auzi bat ere nabarmentzen baita. Hots, adierazi nahi denaren eta erreferentearen artean ezartzen den harremanak nolako bilakaera izan duen. Honen harira, arazoaren muina ederki argitzen duten zenbait galdera mahaigaineratzen ditu Preziadok: «Zergatik egiten du barre egungo ume batek aitonak ilea urdina duela entzutean? Era berean, euskal hiztunak «izerdi zuria da gurea» edo «bazterrak gorrituta daude» gisako esamoldeak ulertuko ote lituzke benetan eta modu naturalean?».

Zergatiei erreparatuta, euskarak eremu honetan izan duen berezko garapenari begiratu behar zaio, hiztunon adierazpen eta interpretazio beharrizanak definituz. Atzera begiratuz gero, jatorriz gure hizkuntzaren kolore-hiztegia «oso urria» dela baieztatzen du Preziadok, «batik bat, euskaldunek errealitatea kromatikoki ezaugarritzeko beharrik ez dutelako izan, beste adjektiboetara joz». Lau fasetan banatutako bereizketa-prozesu baten ondorioz, gaur egun lexiko zabalagoa badugu ere, abiapuntua hiru osagairekin ezar daiteke: zuria, beltza eta gorria.

Alabaina, eskasiak, elementu berriak izendatzeko beharrarekin batera, maileguetara jotzera eraman du, beraz, euskal hiztuna, baita hainbat izenen esanahia aldatu, egokitu edota galtzera ere. Urdina, adibidez, termino zaharra dela esan du Preziadok, «lehengo eta oraingo adiera eta erabilera, ordea, ez da bera, batez ere, nork baliatzen duenaren arabera». Belaunaldiek koloreen gainean duten hautematea aldatu, eta nagusi eta gazteen arteko haustura gertatu da.

Horri jarraiki, esanguratsua da kolore-hiztegiak tradizioz ez duela soilik ezaugarri kromatikoak adierazteko balio izan, «hori bai, baina bestelako adierak ere izan ditu».

Kolorea aramaioarren begietatik: zehaztasunetikezaugarri orokorretara

Artikulu eta ikerketa lan ugari argitaratu ditu Txema Preziadok, beti ere, kolorearen hautematearen ildotik. Bere doktorego tesian (Kolorea herri euskaldun batean) Aramaioko herritarren ikuskera aztertu zuen, bere esanetan, arrazoi anitzengatik, «bertako kultura eta hizkuntza babestuago eta gutxiago kutsatuak direlako».

Ikerketan kontuan hartutako irizpideetako bi generoa eta adina izan dira, eta emaitzak aintzat hartzeko moduko ondorioak eskaintzen ditu. Besteak beste, gorria izan dela froga guztietan eta sarrien agertu dena. Era berean, adinaren araberako ¯zahar eta gazte¯ koloreen erabilera eta horiek adierazten dituzten edukiak asko aldatzen dira, gazteek «kolore estandarizatu» gehiago aipatu eta erabiltzen dituztelako. Bestalde, emakumeek ere kolore gehiago identifikatu eta era egokiagoan bereizten dituzte gizonezkoekin alderatuta.

X. H.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo