GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Villosladaren pertsonaiak Irurtzunen 25 urtez bizi-bizi dabiltzala ospatuko dute gaur

Navarro Villosladaren «Amaya» eleberriko Gartzia Ximenez, Amaia, Teodosio Goñikoa eta Petronila erraldoi bihurtu zituzten Irurtzunen duela 25 urte. Horiei bizia eman dietenak omenduko dituzte gaur.

p022_f03.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Duela hogeita bost urte, Irurtzunek bere erraldoien konpartsa behar zuela erabakita, herritarrek konpartsa osatzeari ekin zioten. Horretarako, Navarro Villoslada nafar idazle handiaren «Amaya o los Vascos en el siglo VIII» (Amaia edo VIII. mendeko euskaldunak) nobelako pertsonaiak aukeratu zituzten. Horrela sortu ziren Gartzia Ximenez, Amaia, Teodosio Goñikoa eta Petronila erraldoiak.

Urtean zehar hainbat ekitaldi egin dira urteurren hori ospatzeko, eta egun hauetan, jaiak izanik, garrantzi berezia hartu du konpartsak. Gaur, Villosladaren nobelan hain esanguratsua den Bi Aizpe izeneko ingurutik hurbil, Irurtzungo plazan, 25 urtez konpartsa egin duten eta taldean parte hartu duten guztiak bilduko dira, omenaldia egin eta erraldoien dantza eskaintzeko. Horien artean, bereziki omenduko dituzte Josu Urra eta Doris Vicente, hainbeste urteren ondotik konpartsako kide izaten segitzen baitute.

Eurek dakite, inork baino hobeki, ordu libreetan lan eginez eta auzolanean sortuak izan diren pertsonaia hauen garrantzia. Irurtzunen dagoen burdin lantegiko gaiez egin zieten egitura; herriko emakumeek josi zizkieten arropak, eta Azkona eskultoreak egin zizkien burua eta eskuak. Behin erraldoiak osatuta, dantzan jarri izan dituztenek eman diete bizia, urtez urte horretarako musika jarri duten txistulariekin eta gaita-jotzaileekin batean.

Hori ospatzeko hainbat ekintza egin dituzte urtean zehar: haurrei erraldoiak marrazteko eskatu zieten eskolan, beren begiekin nola ikusten dituzten adieraz zezaten; konpartsak 25 urtez izandako bilakaera ezagutzeko argazki-erakusketa bat prestatu dute; erraldoien marrazkiekin kamisetak egin dituzte; maiatza bukaeran, Irurtzun gainean dagoen Erga mendiko Trinitate baselizan egiten den erromeriara lehen aldiz igo zen konpartsa... ospakizunak etengabeak izan dira.

Ikuskizun magikoa

Jaien bezperan, ostegunean, Irurtzungo frontoiak ikuskizun berezia hartu zuen. Joaldunek, Orritz dantza taldeak, Musika Eskolak, Abesbatzak, Inguma antzerki taldeak, eta nola ez, konpartsak, txistulariek eta gaita-jotzaileek parte hartu zuten, Angel Sagues zuzendariaren agindupean. Ikuskizunaren bidez irurtzundarrei Villosladaren kondairako hainbat pasarte ezagutzera eman zizkieten, herriaren inguruko lurretan kokatzen direnak, hain zuzen ere. Irurtzun inguruko kondairak ezagutzeaz gainera, beren erraldoien esanahia hobeki ulertu ahal izan zuten horrela.

Konpartsako kide den Josuk agindu bezala, «jaietako goizak alaitzera ateratzen segituko dugu, ahal bada, beste 25 urtez!».

OMENALDIA

Erraldoien konpartsari 25 urtez bizia eman diotenen topaketa egingo da gaur Irurtzunen. Kideak, musikariak, erraldoiei itxura eman, edo zaindu dituztenak, eurekin parte hartu dutenak... denak gonbidatu dituzte, gaur, 13.00etan, herriko plazan izango den omenaldira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo