GARA > Idatzia > > Kultura

«Nire helburuetako bat beste musikari eta kulturekin komunikatzea lortzea da»

p049_f01_.jpg

Carlo RIZZO, Musikaria eta panderoan aditua

Sei urterekin ezagutu zuen panderoa edo horren aldaera italiarra den tambureloa eta orain, bere haurtzaroko oroitzapenetako elementu garrantzitsua den horrekin, esperientzia eta izen handiko pandero jotzailea izatera igaro da Rizzo denboraren joanean. Sorterriko musika erritmoetatik abiatu, eta beste herrialdeetakoak ere ezagutzen eta jotzen ditu, tartean, Euskal Herrikoak.

Siziliarra sentitzen da Carlo Rizzo, adopzioz nahiz kulturalki besterik ez bada ere. Egunotan Itsasun (Lapurdi) egin den Errobiko Jaialdian egon da bere ekarpena egin nahian. Kontzertua eskaintzeaz gain, panderoaren gainean izan den tailerrean ere parte hartu du, tresna horri buruz duen ezagutza eta esperientzia partekatuz.

Non kokatzen duzu zure burua musikagintzan?

Ni, berez, tambureloan ongi trebatutako pertsona naiz, eta hori da nire espezialitatea. Italiako perkusio tresna tradizionala da tambureloa, euskaraz pandero izenarekin ezagutzen duzuena, hain zuzen ere. Italiako tresna horrez gain, beste herri batzuetan diren tambureloaren aldaerak ere jotzen ditut, hala nola India hegoaldekoa, herrialde arabiarretakoa eta Ekialde Ertainetik datozen bestelakoak.

Azken batean, nire helburua perkusioa eta erritmoa, oro har, ikertu eta lantzea da.

Eta, zer harreman mota dago tresna horren aldaera guztien artean? Zein ezaugarritan datoz bat?

Tresna hauek guztiek partekatzen duten ezaugarria, batez ere, jatorrian oinarritzen da. Panderoa, instrumentu gisa, orain dela 5.000 bat urte sortu zen antzinako Mesopotamian, alegia, egungo Iraken, gutxi gorabehera. Italiara, esaterako, geroago ailegatu zen, greziarrek ekarria. Herrialdearen hego partetik sartu ziren Italian, esaten den bezala, «Grezia Handitik» etorritako greziarrak izan ziren, eta ondoren dena kolonizatzera heldu ziren.

Panderoa Dionisio jainkoaren omenezko jaietan erabiltzen zuten, bai ospakizuna girotzeko bai hura gurtzeko erritualaren osagaietako bat bezala. Izan ere, tresna nagusia zen, eta hipnosi eta trantzerako baliatzen zuten. Bestalde, Dionisio greziar mitologian ardoa eta gehiegikeriaren jainkoa zela kontuan hartu behar da, eta biak oso lotuta agertzen dira, beraz.

Migrazioen ondorioz, Europa eta Asiatik hedatu zen gero pixkanaka, eta handik Amerikara. Txinan, Turkian, Brasilen edota Kanada iparraldean bizi den Inuit herrian ere, adibidez, aurki daitekeen musika tresna da. Jatorri bereko tresna baten aldaerak dira guztiak, funtsean berdintsuak, ezaugarri eta erabileran, baina bakoitzak bere ñabardura propioak garatu ditu.

Nolako pisua du panderoak, edo «tamburelo»ak kasu honetan, italiar kultura tradizionalean?

Oso indartsua. Sutsuki jotzen den instrumentua da, eta bereziki herrialdearen erdigunetik hegoaldera bitartean aurki daiteke jai edo ospakizun handietan. Garrantzi handia du bertako musikagintza tradizionalean eta, aldi berean, inoiz etenik izan ez duen usadioa da.

Eta eboluziorik izan al du?

Bai, jakina, batik bat teknikari dagokionez; hau da, panderoa erabili eta jotzeko moduan. Erritmo berriak agertu, eta nahastuz joan dira, eta tresnetan berrikuntza batzuk izan dira.

Mitoak ere sortu dira «tamburelo»aren inguruan, ez al da?

Bai, halaxe da. 50ko hamarkadara arte gaixotasun batzuk sendatzeko balio zuela uste zuten. Armiarma batek ziztatuz gero, pozoia gorputzean hedatzen zen, baina ondoan tambureloa joz gero, gaixoa trantzean sartzen omen zen, eta hala osatuko zela uste zuten. Erdi Arotik datorren sinesmena da hori.

Panderoa kultura tradizionalaren barnean izan da orain dela gutxi arte, eta, hala ere, zu bide berriak urratzera ausartu zara.

Bai, horri begira nabil oraintxe. Forma, soinu, erritmo zein instrumentuen fabrikazioan esperimentatzea beharrezkotzat jotzen dut. Ate berriak ireki behar zaizkio tradizioari.

Panderoen fabrikazioari dagokionez, prototipo berri bat sortu dut nik neuk. Helburua soinu modernoa sorraraztea da, egungo joera modernoetan txertatu ahal izateko. Tamburelo politinbrikoa deitzen da, eta larruaren tentsioa aldarazteko sistema birakaria ezarri diot, nota zehatzak lortzeko eran.

Tradizioa eta modernotasuna uztartzeko saiakera da hau, orduan.

Beharrezkoa dela uste dut, esan bezala, tradizioak aurrera egin dezan. Prototipoa horren ondorioa da, baina badut kontzeptu hori hobeki islatzen duen beste instrumentu bat. Ohiko tamburelo italiarra da, betiko neurri eta materialekin egina, baina larrua tenkatzeko sistema berri bat gehitu zaio. Nik diseinatu dut, baina Sizilian fabrikatua izan da, era tradizionalean.

Musikagintza tradizionalean dabiltzanek berrikuntzok nola hartzen dituztela uste duzu?

Ongi, nire iritziz. Berritutako elementuek soinua norberaren gustu eta beharretara moldatzea ahalbidetzen diote musikariari, adibidez, larruaren tenkatzea doitzean. Alabaina, soinuak egokia izaten segituko du, ona, eta moldeei jarraiki.

Betiko fabrikazioari begiratuz gero, tambureloaren larrua suarekin tenkatu eta erregulatzen zen. Soinua, ordea, ez zen zehatza eta sua egotearen menpe geratzen zen musikari tradizionala. Sistema honekin notak zehazki neur eta doi daitezke, nahi bada diapasoi batekin.

Bestetik, musikagintzaren eta erritmoaren garapenaren zailtasunetako bat tradizioa eta berritzea orekan egon daitezen lortzea da. Gazteenei hori ere erakutsi behar zaie.

Nire asmoa panderoa perkusioaren orokortasunean txertatzea da, beste musikari eta kulturekin komunikatzea lortzeko ahaleginetan, elkar aberasteko eta osatzeko.

Xabi HERNANDEZ | ITSASU

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo