Ikurrinaren omenezko ekitaldia egingo dute hilaren 25ean Errenteriako jaietan
Orain 25 urte bandera espainola udaletxean indarrez jarri, eta jaietan istiluak sortu ziren. Horrelakorik berriz gerta ez dadin eta ikurrinaren presentzia bermatu eta aldarrikatzeko bat egin dute hainbat eragile eta elkartek.
GARA |
Hainbat eragile eta norbanakok bat egin dute Errenterian madalenetan ikurrinaren presentzia eta aldarrikapena bermatzeko. Halaber, uztailaren 25ean ikurrinari omenaldia egiteko ekitaldi bat izango dela jakinarazi zuten, 18.00etan Herriko Plazan.
Atzo egindako agerraldian gogora ekarri zutenez, datorren ostegunean, hilak 25, beteko dira 25 urte Errenteriako udaletxean Espainiako bandera indarrez jarri zutela. «Urte hartako udan, `Banderen gerra' izenekoa Euskal Herri osora zabaldu zen; baina, inon baino gehiago, gure herria bortizki kolpatu zuen», adierazi zuten.
Orduan, «Gurrutxaga alkatea zenak, eta, oro har, PSOEk berak, ikurrina mespretxatu eta Espainiako bandera indarraren bitartez ezarri izanak», gertakari larriek eragin zituen herrian, jaiak «leherrarazi, eta bertan behera uzteraino».
«Musikaren partez, tiro hotsak»
Jai egunen ordez, gerra egunak bizi izan zituztela nabarmendu zuten. «Zentenarioaren ordez, zientoka polizia; muxuen partez, borra eta kate kolpeak; musikaren partez, tiro hotsak; alaitasunaren ordez, zaurituak; ikurrinaren partez, Espainiako bandera; herriaren nahiaren ordez, inposizioa», ekarri zuten gogora.
25 urte beteko diren honetan, egun haiek ez dituztela ahaztu nahi adierazi zuten, «oroimenik gabe ez baitago nortasunik». Baina hori baino gehiago, berriz ere halakorik gerta ez dadila nahi dute, «zoritxarren inposizioaren mehatxua ez da desagertu, azkenaldian Lizartzako, Bilboko edota Donostiako udaletxeetan bandera espainola ezarri dutela ikusi baitugu».
Herritarrei ere deia egin zien: batetik, balkoietan ikurrina jarri dezatela madalenek irauten duten bitartean; bestetik, ikurrinari egingo dioten omenaldian parte hartzera.
Ekimenarekin bat egin dute hainbat auzo elkartek, kultur eta gastronomia elkartek, herri mugimenduk, alderdi politikok (Batasuna, ezker abertzaleko zinegotziak, EAJ, EA, Ezker Batua, Aralar), sindikatu (ELA eta LAB) zein norbanakok eta atxikimendu gehiago batuko dituzte datozen egunetan.