Presoen aurkako jazarpena eta bizi duten salbuespen egoera salatu dute
Espetxe politika gertutik ezagutzen duten preso ohi, senitarteko eta abokatuek lagunduta, amnistiaren aldeko mugimenduak preso politikoen aurkako intoxikazio kanpaina eta salbuespen neurriak salatu ditu. Espetxeetako egoera larria dela azaldu, eta PSOEren Gobernuari eskaera zehatzak egin dizkio. Euskal Herriko alderdi politiko, erakunde eta eragileei ere konpromisoak har ditzatela eskatu die.
Maider EIZMENDI |
Amnistiaren aldeko mugimenduko kideek Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideen aurkako intoxikazio eta salbuespen neurriak salatu zituzten atzo Donostian. Komunikabideen aurrean agertu ziren Jabi Gonzalez eta Jose Mari Sagardui Gatza presoen gurasoak, Juan José Regoren presoaren eta Esteban Esteban Nieto zenaren senitartekoak, Iñaki de Juana presoaren emaztea eta Ainhoa Baglieto abokatua. Guztien izenean mintzatu ziren Idoia Arbelaitz eta Juanito Trecet.
Salatu zutenez, EPPK-ko kideen aurkako «erasoak eta eskubide zanpaketa larriek ez dute mugarik». Demokrazia batean «pentsaezinak diren salbuespen neurriak hartzen ari dira», beraien esanetan, «presoei xantaia politikoa egiteko helburuarekin». «Krudelkeria eta mendeku gosean oinarritutako erasoen eta eskubide zanpaketaren ondorioz» espetxeetan bizi duten egoera «oso larria» dela nabarmendu zuten. Adibide gisa aipatu zuten 28 presori zigorra luzatu izana, edota 14 preso gaixotasun larriekin espetxean egotea.
Amnistiaren aldeko mugimenduko kideen iritzira, «neurri basati» horien jomuga da ia 750 kide dituen kolektiboa, eta neurrion xedea haren «zatiketa eta kideen suntsipena eta heriotza» da. Ildo horretan, aipamen berezia egin zioten 28 urteko espetxealdian den Gatzari. Hainbaten hedabideren jarduna ere gogor gaitzetsi zuten, «preso politikoen eta beraien senideen aurkako intoxikazio kanpaina mediatikoa eta jazarpen basatia» egiten ari direlako. «Preso politikoak espetxean suntsitu eta makurraraztea lortu ez, eta espetxetik ateratzen direnerako mendeku neurriak prestatzen dituzte horrela».
Horren adibide garbia, abuztuaren 2an aske geratuko den Iñaki de Juana presoaren kasua dela zehaztu zuten. Ildo berean kokatu zuten Kandido Aspiazu preso ohi azkoitiarraren aurkako kanpaina. «Irizpide errepresiboen zerbitzura lan egiten duten hedabideetako kazetari intoxikatzaileek alarma soziala pizten dute gezur eta manipulazioaren bidez, pertsonen datu pribatu eta intimoak publikatuz, horiei dianak ezarriz; ondoren, politikari eta epaileek egingo dituzten eskubide urraketak justifikatzeko», argitu zuten. Hala, «bizi osorako espetxe zigorra ezartzen dutenean, ez dira preso politikoak espetxetik kaleratzea oztopatuko duen neurrietara mugatzen, behin kalera ateratzen direnean pertsona hauek nahi beste zigortzeko aukera legeztatzeko saiakera egiten ari dira», adierazi zuten.
PSOEren Gobernua jo zuten salbuespen egoera honen erantzuletzat, komunikabideen «ezinbesteko kolaborazioarekin»; hori aurrera eramateko, ordea, «indar estatalistek eta Euskal Herriko indar erregionalista gehienek erakusten duten konplizitatea» ezinbestekoa dela adierazi zuten. Egoera honen aurrean «Aski da!» esan zuten, eta herritarrei dei egin zieten antolatzen eta mobilizatzen jarraitzeko.
Madrili eskaera zehatzak egin zizkieten: «Euskal preso politikoen eta senitartekoen aurkako salbuespen neurriak alde batera utz ditzala; gaixotasun larriak dituzten presoak eta kondena beteta dutenak kaleratu ditzala; eta EPPK-k plazaratutako eskubide taulan jasotzen diren eskubide guztien jabe, euskal presoak euskal herriratu ditzala».
Euskal Herriko alderdi politiko, erakunde eta eragileei aldarrikapenokin bat egin, eta horien aldeko konpromiso aktibo eta praktikoa hartzera dei egin diete.
Datozen egun eta asteetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei: «Presoen eskubideak errespetatuak izan arte lanean jarritu behar dugu».