TKE liga
Urdaibai izan da, onenen artean ere, indartsuena
Sailkapenaren arabera osatutako txanda nagusian bermeotarrak izan ziren errege eta lidertza sendotu zuten Oriok kale egin eta gero. Castro sailkatu zen bigarren eta orain beraiek daude bigarren postuan.
Ander GARTZIA | BILBO
Urdaibai izan zen indartsuenen artean indartsuena, eta laugarren garaipena erdietsi zuen Pedreñako uretan. Bukatu dira zozketa bidez osatutako txandak eta, horrekin batera, ezusteko gehiago izateko aukerak. Baina aldatu ez dena bermeotarren nagusitasuna izan da. Bizkaitarrek aurreneko luzetik hartu zuten probaren burua, eta aurreko txandan Zarautzek markatutako erreferentziak baino ez zituzten izan arerio. Castrok bi luzetan eutsi zion, eta Oriok eta San Pedrok bakarrean. Asier Aregok gidatutako ontziak hirugarren luzean utzi zuen erabakita bandera eta, bide batez, parada izan zuten laugarren luzean estropada eremuko marka ezartzeko: 19.49.10.
«Bou Bizkaia» traineruko tostetan aritu ziren gizonak ondoko hauek izan ziren: Carlos Rodríguez, Xabier Bereziartua, Javier Polo, Sergio Carrión, Egoitz Gallo, Aitzol Arrizabalaga, Andrei Banica, Juan Antonio Duñabeitia, Gaizka Olazar, Iker Zabala, Miguel Angel Millares, Gorka Olazar eta Xabier Zulaika, Asier Arego patroi zutela.
Bestelako animoekin eta sentsazioekin bueltatu ziren etxera oriotarrak, izan ere, sailkapenari begira beraiena izan zen talderik kaltetuena. Gipuzkoarrak azken proban bandera irabazi, eta bigarren posturaino salto egin eta gero, lehen maniobraz geroztik ez ziren gai izan ontzirik indartsuenen parean lehiatzeko. Larunbatetako estropezuek gauza on bakarra dute: jarraian beste egun bat datorrela eta horrekin beste estropada bat. Oriotarrek helburu hori izango dute gaur eguerdian, 12.00etatik aurrera Plentzian izango den hitzorduan (ETB-1). Zazpigarren proba puntuagarria izango da.
Castroko «La Marinera» ontzia da orain sailkapeneko bigarren tokiraino igo dena. Etxaberen mutilek ongi eutsi zioten aurreneko bi luzeetan baina azkenean zazpi segundotako atzerapenarekin iritsi ziren helmugara sanpedrotarrekin lehia gogorra izan eta gero. Hala ere, biek ala biek garbi erakutsi zuten Donostiako emaitza kaskarraren erruduna itsasoak egun horretan eskaini zituen baldintza latzak izan zirela eta, bermeotarrek hutsen bat egiten duten momentuan bertan, hor izango direla bandera irabazteko hautagai nagusi gisa.
Onenen lehia horretan sartu nahi duena Zarautz da. Gipuzkoarrek estropada bikaina osatu zuten eta hirugarren maniobrara arte estropada irabazteko borrokan izan ziren. «Enbata» bigarren txandako indartsuena izan zen eta ehuneneko gutxi batzuengatik ez zuen lortu sailkapeneko hirugarren postua.
Beheko postuetatik ihesi dabiltzan ontzien artean, berriz, Arkote izan zen atzoko eguneko garailea. Ez sailkapenean aurrerapauso handia eman zuelako, baizik eta Popi-ren arraunlariak taldean konfiantza hartzen hasi direlako egunek aurrera egin ahala. Aurreko asteburuan bizkaitarrek burututako lana nahiko motibo zen bila dabiltzan hobekuntza horretan sinesteko, baina atzoko estropadan uste on guztiak bete egin ziren.
Lehen txanda horretan, arraroa egiten zen «Ama Guadalupekoa» arraunean ikustea, baina are eta arraroagoa izan zen hondarribiarren atzoko lana: azkenaurrenak izan ziren irabazlearengandik ia 40 segundotara. Oraingoz plentziarrengandik 7 puntutara daude baina beharrezkoa dute, lehenbailehen, emaitza on bat.
Orioko Bandera
Abuztuko azken asteburuan jokatuko den Orioko Banderako estropada eremua ez da ohi bezala itsasoan kokatuko eta erlojupeko estropada ibaian burutzea erabaki dute. Proba larunbatean izango da, eta ez igandean, hasiera batean adostu bezala. Horrela, Castrokoa izango da abuztuko azken hitzordua.