Harri-jasotzea | Txintxarri lehiaketa
Izetatarrak izan dira orekatuenak Alegian
Aiako osaba-ilobek lan bikaina egin zuten, eta doi-doi izan bazen ere, merezita lortu zuten txapela
Jon LEUNDA | ALEGIA
Izetatarrek irabazi zuten atzo Alegian jokatu zen Txintxarri Lehiaketa. Aurten lehen aldiz jokatu dute binaka. Hiru bikote neurtu ziren, eta oso lehia estua eta ikusgarria eskaini zuten.
125eko zilindro kopa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili zituen bikote bakoitzak, eta harri bakoitzarekin hiru minutu izan zituzten lanerako. Bikoteko batek aritu behar zuen zilindroarekin, eta besteak kubikoarekin. Bolarekin txanda librean aritu behar zuten.
Ostolatzak eman zion hasiera saioari, eta 32 aldiz jaso zuen zilindro kopa bizkarraren gainean. Atzetik aritu zen Jokin Eizmendi, eta zarauztarrarena izan zen markarik ahulena, 27 aldiz berdindu baitzuen kopa bizkarrean. Izeta III.a izan zen lanean aritzen azkena, eta aiarrak lan bikaina egin zuen, 31 jasoaldi emanez kopari.
Jarraian kubikoaren txanda etorri zen. Telleria II.a izan zen lanean hasten lehena, eta 17 jasoaldi eman zizkion. Ondoren Goenatxo aritu zen, eta 21 aldiz jaso zuen harria. Azkena Izeta IV.a aritu zen, eta aiarrak sekulako lana egin zuen, Goenatxoren marka berdindu egin baitzuen.
Azkeneko lana txanda librekoa zen, eta hor ere Ostolatza eta Telleria izan ziren lanari ekiten lehenak. Hiru minutu eta gero, 44 aldiz berdindu zuten harria. Atzetik Goenatxo eta Eizmendi aritu ziren, eta hauek egindako lana ere oso ona izan zen, amaieran 42 aldiz jaso baitzuten harria. Azkenik Izeta III.a eta Izeta IV.a aritu ziren, eta hauek 41 aldiz jaso behar zuten txapela lortzekotan, eta horixe egin zuten, doi-doi; baina egitea lortu zutenez, txapela beraientzat izan zen.
Amaieran, Izetatarrak nagusi izan ziren. Guztira 93 jasoaldi eman zituzten (10.348 kilo). Bigarren Ostolatza eta Telleria II.a geratu ziren, 93 jasoaldirekin (10.321 kilo). Azken lekuan Goenatxo eta Eizmendi geratu ziren 90 jasoaldi emanda (9.948 kilo).
Bestetik, Gipuzkoako Ingude Altxatze Txapelketa ere jokatu zuten atzo Alegian, eta Urreisti izan zen nagusi, eta berak jantzi zuen txapela. Mutrikuarrak 80 jasoaldi eman zizkion 18 kiloko ingudeari minutu eta erdian, eta biren aldea kendu zien Urrutiari eta Arbizuri. Etxeberriak 73 jasoaldi eman zizkion, eta 72, berriz, Astiazaranek.
Atzoko txapelketan kiloek izan ziren erabakigarriak, eta hor nagusitu ziren Izetatarrak, Ostolatza eta Telleria baino gehiago jaso baitzituzten, jasoaldi kopuru bera egin arren.