Berezkoak
Sorhuetek eta Ezkurrak ez dute hutsik egin, eta Donapaleuko Torneoko finalerako txartela lortu dute
J.L. | DONAPALEU
Ez zen ezusterik izan, eta Sorhuetek eta Ezkurra II.ak Donapaleuko Torneoko finala jokatzeko txartela eskuratu zuten herenegun gauean Donapaleuko trinketean, Gonzalez eta Jannots 40 eta 31 menderatuta.
Ezusterik ez zen izan, baina bidean izan zen, Gonzalez eta Jannots aurretik aritu baitziren azken hamar tantoak bitartean, baina hortxe amaitu ziren beraien itxaropenak, Pausuako eta Urruñako pilotariek ez baitzuten errukirik izan, eta amaieran, finala jokatzeko txartela eskuratu zuten, nahiz eta horretarako asko sufritu beharra izan.
Galtzaileak oso indartsu abiatu, eta 7-0 aitzineratu ziren. Tarte horretan, Sebastien Gonzalez aurrean erabat agintzen aritu zen, baina zuloa atzean zegoen, Paxkal Ezkurrak ez baitzuen bere egunik onena izan, eta huts dezente egin zituen. Horrek Jannnots gaztearen bidea nahikotxo erraztu zuen, eta Sorhueti jokoan sartzen utzi gabe, pilota atzean jartzen ahalegintzen ziren, eta amarru horri atera zioten etekinik.
Apurka-apurka, Gonzalez eta Jannots tartea zabaltzen joan ziren, eta bazirudien garaipena ere lor zezaketela. azken hamar kintzetan, ordea, amaitu egin zen ezustea gauzatzeko bidea.
Boteak
Neurketako lehen eta azken berdinketa 31nakoa izan zen, eta hortxe etorri zen faboritoen susperraldia. Sebastien Sorhuet botearekin min egiten hasi zen, eta hortxe ekin zion. Azken bederatzi tanto horietan bederatziak bete-betean asmatu zituen. Ezkurrak bere onena ematen ez duenean ere kontuz ibili behar da berarekin, eta horixe gertatu zen. Sorhueten joko onak erantzuna izan zuen atzean, eta aurkariei ez zieten beste kintzerik egiten utzi, eta amaieran garaipena erdietsi zuten.
Norgehiagokak 75 minutu izan zituen, eta partzialak hauek izan ziren: 7-1, 27-22, 31-31 eta 31-40. Gonzalezek 10 tanto egin zituen saketik, eta bi gehiago Sorhuetek. Finala etzi iluntzean jokatuko dute Ibarrola-Ozafrain eta Larretxea-Waltari bikoteen arteko norgehiagokan irabazle ateratzen denaren aurka.