Osteopatiaren izaera zehazten
Legez kanpo hasita onarpenaren bidean
Zer da osteopatia? Zertan da onuragarria? Zein gaixotasun sendatzen du? Ezagupen ezean osteopata batengana jo duen edonoren buruan horrelako zalantza asko piztuko da. Horiek mugatu eta osteopatiaren artatzea arautu nahian, Estatu frantsesean osteopatiaren lanbide izaera onartu berri du. Profesionalen artean ezadostasun ugari sortu du horrek.
Ainize BUTRON
Norbera, osteopata batengana joateko hautua egin orduko, ohartuko zen nahiko zaila egiten zaiola gidan izenik aurkitzea. Baten batek esanda, edo telefonoa emanez gero jakin ohi da. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, esate baterako, osteopatei gidan beraien lanbideari dagokion kokagunean jartzea ukatu egiten diete ogibide horrek oraingoz erabateko ezagutza edo onarpena ez duelako. «Lanbideak ezagutzarik ez duen heinean, ez dut zerrenda horretan sartzea onartuko, denetarik baita», salatu zuen Angeluko osteopata batek. Hego Euskal Herriko herrialdeetan egoera bestelakoa da, oraindik eztabaida baita osteopatia lanbide gisa ezagutu edo ez erabakitzeko.
Lanbide izaeraren rzagutzarik ez du, Ingalaterran edo Estatu Batuetan izan ezik, Europako herrialde gehienetan. Duela hogeita hamar bat urte agertzen hasi zen artatze mota da, eta, gero eta jende gehiago hurbiltzen zaie «artatzeko mota alternatiboa» bilatu nahian. Eta, erietxe askotan osteopatiak onurak ekartzen dituela-eta, gero eta baliatuagoa da.
Osasun arloan osteopatiak lortutako sinesgarritasunak behartu ditu Estatu frantseseko agintariak lanbide horri ezagutza ematera. Garai batean «medizinaren artatze ilegala» gisa ikusia zen lanbide hura, 2007ko martxoa geroztik lanbideen zerrendan gaineratu dute.
«Hogeita hamar urteko borroka bat izan da. Lehenik, arlo horri buruzko ikasketak egin ahal izateko eskolak sortzeko borrokatu gara. Lanbide izaeraren ezagutza izan da ondoko urrats garrantzitsua», azpimarratu zuen Pierrette Pochelu Biarrizko osteopatak. Baina, zein irizpide aukeratu lanbide gisa ezagutzeko? Zer da benetan osteopatia?
Estatu frantsesean 2002ko martxoan erien eskubideei buruzko legearen bidez osteopatiaren lanbideari ezagutza onartzea erabaki zuten. Baina, onarpen hori azkenean legeetan finkatua izateko osteopatek bost urte itxaron behar izan dituzte.
Epe luze horrek lanbidea definitzeko orduan agintariek izandako arazoak agerian jartzen ditu. Eta osteopaten esanetan, puntu askotan lanbidea «oso azaletik» definitu da. Pierrette Pocheluk halaxe laburbiltzen zuen: «Oso ahula da legea». Bere esanetan, legea dagoen horretan geratzen bada, geroan osteopatia profesioa «desagerpenera» doa. «Ezagutza beharrezkoa zen. Baina, Gobernuak osteopatiaren lanbidearen zati bati baino ez dio ezagutza eman, egiturari dagokiona, hots, masajeei. Legeak argi erakusten du artatze arruntetik kanpo dagoen guztia gutxietsia dela Estatu frantsesean», zehaztu zuen.
Pocheluk, fisioterapia prestakuntza arrunta burutu ondoren, osteopatia ikasketak egin zituen bost urtez, eta hogeita hiru urte daramatza lanbidean. Legearen ondorioz, beste osteopata guztiak bezala, azken hogei urteotan lanbide horretan aritu dela frogatu beharko du. «Txosten bat bete behar izan dugu gure ikasketa maila emanez, eta lanbidean daramazkigun urteak frogatuz», erran zuen. Txosten guztiak departamenduko prefetari bidali dizkiote, eta, bertan, batzorde baten bidez izendatuko dituzte osteopatak.
Definitzeko beharra
Alfonso Dussaubat Hendaiako sendagile-osteopatak, bere aldetik, esan zuen: «Orain arte osteopata izendatzen zirenen artean denetarik zegoen. Alde batetik, sendagileak, eta bestatik, sendagile mota askotarikoak. Legeak egoera hori argitzen laguntzen du. Oso zaila izan da lanbide hori argitzea, horregatik eman da horrenbeste denbora finkatzeko». Legeak, izan ere, «osasuneko langile» gisa izendatzen ditu osteopatak.
Guztiak lanbide izaeraren ezagutzaren beharraz jabetzen dira. «Orain arte zegoen egoera psikiatriarekin alderatu dezakegu. Psikiatrian, badira alde batetik psikiatrak, psikologoak, eta ondoan, artatze mota alternatiboak eskaintzen dituzten beste asko. Osteopatian gauza bera zen. Legeak, hein horretan, lanbideari sinesgarritasun bat ematen dio», azpimarratu zuen Dussaubatek. Horiek horrela izanki ere, profesioa definitzeko orduan ezadostasunak nabari dira oraindik ere. Pierrette Pocheluk esan zuen: «Osteopatia zientzia bat da. Eztiki jendeak beraien gorputzarekin berriz lotura egiten laguntzea da helburua, gaur egun oso bortizki bizi baikara. Gorputzaren askatasuna berreskuratzea da xedea». Legeak lanbidearekiko duen onarpen eskasak, arrisku ugari ekartzen ahal ditu. «Osteopatiaren alde bortitzena baizik ez dute kontuan hartu legean. Ez dute lanbidea bere orokortasunean begiratu. Alta, Ingalaterra eta Estatu Batuetan lanbide hori onartua da», gehitu zuen.
Dussaubatentzat, berriz, osteopatia «osasun arte» bat da. «Gorputzaren organo batzuk lantzeko eskuen arte bat da. Oso arlo zehatzetan balia daiteke: lunbalgia, tortikolia... hau da, lokomozioari dagokion gorputzaren arlo guztiak, baina besterik ez da sendatzen ahal. Artatzeko era interesgarri bat da, eta gero eta eskaera gehiago dauka», goraipatu zuen. Osteopatia artatzea, izan ere, Estatu Batuetan Taylor Stillek sortu zuen. «Osteopatiaren mundua bi sailetan banatzen da. Puristak, hau da, Stillen teoriaren jarraitzaile sutsuak. Horiek sei urteko prestakuntza bideratu dute. Eta, ondoan, artatze mota gehigarri gisa begiratzen duten sendagileak daude», gehitu zuen Hendaiako sendagileak. Lanbidea legez onartu eta, ondoko urratsa, gizarte segurantzaren barne izatea izan beharko luke. «Osasun langileen izendapena daukagu. Estatuak lanbide horren ikasketak egiteko diploma sortu du. Gizarte segurantzan kontuan hartua izatea espero dugu», esanez bukatu zuen Dussaubatek.
Legea kaleratu bezain laster, osteopaten artean lehen ezadostasuna sortu da: irakaskuntzaren epeak. Gaur egun eskola gehienak sei urteko prestakuntza eskaintzen dute, baina Gobernu frantsesak kaleratu legean hiru urteko epea aipatzen da. Horiek horrela, osteopatek irakaskuntza epea laburtzeak sor ditzakeen arazoak nabarmendu zituzten. «Osteopatia irakaskuntzan arlo asko lantzen dira. Nik, sei urteko eskola egin dut, eta gero etengabe ikastaroak egiten aritu naiz. Ez dut ikusten nola ikas daitekeen hori guztia hiru urtean», salatu zuen Pierrette Pochelu Biarrizko osteopatak.
Horrenbestez, irakaskuntza epea laburtuz, gorputza manipulatzeko orduan «arriskuak» izan daitezkeela nabarmendu zuen: «Gaur egun legeak eskaintzen duen ezagutzak hutsuneak ditu, eta horiek dira osteopatiaren funtsezko puntuak. Ez badira barneratzen arriskutsua izan daiteke, gorputzaren puntu oso garrantzitsuak ukitzen baititugu». A. B.
Osteopatia profesioak lortutako ezagutzari esker, «Estatuko diploma» bereziak sortu dira. Bide horretatik irailetik goiti osteopatiaren lehenengo «estatuko eskola» sortuko dute Baionan. Baxua lortu orduko hiru urteko prestakuntza eskainiko du eskola horrek. «1987a ezkero sendagileei osteopatia ikastaroak eskaintzen genizkien eskola honetan. Orain legea dela-eta, ikasle orori zabaltzeko aukera ematen digu», argitu zuen Dussobatek, eskolako irakasleak.
Estatu frantsesean osteopatia prestakuntza eskaintzen duten hamasei eskola daude gaur egun, baina, Baionan irailetik goiti ateak zabalduko dituenak, Estatuaren ezagutza daukan diploma eskainiko duen eskola bakarra da gaur egun. Orotara hogei bat ikasle bilduko ditu eta hiru urteko prestakuntza eskainiko du. «Legeak osteopatia zer den argitu duenez, horren araberako prestakuntza eskaintzeko aukera ematen digu», bukatu zuen.