Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria
Ien bosgarrenez; «Asko naiz ni»
Teorizatu ala dastatu? Zertarako teorizatu poesiaz, poeta xume, soil eta sakon horrek gure sentimenduak askatzen baditu? Ez ote da hobe poesiaz gozatzea poesiaz teorizatzea baino?
Ohiko bilakatu den moduan, Ieko poesia egunetan bi egun eder eta mamitsu eman ditugu. XIX. mendera arte iraun zuen izen zaharrari -HEA- jarraituz, HEAko («Herrijeri Emon Arnasa») taldekideok, paradisu txikia den haien herrian, hietar izatea sentiarazi digute, Asun gidaria zelarik: hietar edo heatar zein eatar nahiz ietar. Ietar izan gara, gutxienez bi egunotan. Karmelo falta zitzaigun, urruneko «locus amenus» hartan gogoaren aurka giltzapetuta daukatelako. Hala ere, Karmeloren beraren hitzak irakurtzeko parada izan dugu: «The play is the thing wherein I'll catch...».
Koldoren irakurketa mamitsuaren ostean -askotxok irakurri nahi genukeen aparteko hitzaldia-, oinez abitu ginen Ieko burdinolaraino. Burdinola ondoan, grabatutako Arestiren beraren hitzak entzun genituen.
Agian «Sabino no debió de morir», baina Euskal Herriko burdinolek Bilbo inguruan sorturiko Euzkadiren historia (istorioa?) beste modu batez irakurtzera bultzatzen gaituzte. Historia ortodoxoa (eta zenbait bazterretan bakarra) denaz haratago badago, egon, hamaika datu, non euskal langileak non-nahi azaltzen baitira eskualde gehienetan: ez soilik Enkarterrin, Nafarroan, Gipuzkoan edo Araban, Ien ere portutik oso gertu XVIII. mendearen hasieran burdinola ederra zegoen, oso leku estrategikoan beraz: 1725ean eraiki zuten burdinola, 1600etik bertan zegoen errota zahar baten ondoan. Ieko HEAkoek burdinola horren aztarnak garbitu eta berreskuratu nahi dituzte eta horretarako lanean hasi dira.
Bazkari ederra Bedarun eta tertulia, «Poesia extra zer den» gaiari ezin eutsiz, nahiz eta hamaika itzuli eman. Ezer aipatzekotan Itxarok aipatutako «Asko naiz ni» mezu labur bezain sakona aukeratuko nuke. Asko bi zentzutan: alde batetik, idazle baten testua polisemikoa delako; eta bestetik, irakurketa ere polisemikoa delako. Ez dago ez idazketa neutrorik ez irakurketa neutrorik, idazle neutroa ez dagoen bezala. Eta bi «asko» horiek (sormenarena eta irakurketarena) batera etortzea, bat egitea ez da nahitaezko edo halabeharrezko gertaera. Alderantziz, Deleuze-ri kasu eginez, esan daiteke bi errizoma horiek, bi «asko» horiek hamaika esanahi dituztela. Gaitz erdi eta zorionez.
Beletxen HEAko sukaldari prestuek prestatutako «atune» (hegaluzea) eta gazta gozoa dastatu ondoren, «Poesiazko ilara» entzuteko parada izan genuen, Jon eta Mikel-en jazz-musikaren laguntzaz. Iluntasunean, giro aparta, poesia irakurketa, ahots liluragarriak... atzean itsasoaren zurrumurrua zegoela.
Zer gehiago eska dakioke gauari? Agian gin-tonic batzuk hartzea, patxadaz, eta poesiaz haratagoko beste zenbait arloko gaiak ukitzea, baita politika ere. Kasu, Euskal Herrian eztabaida sakonari alderdi abertzaleek, eta burokrata guztiek, dioten beldur izugarriaren inguruan iritzi trukatze sakon batez aritzea.
Hurrengo egunean, elizan, eguraldi lanbrotsua eta zirimiria zela-eta, Itxaroren «Ogella line» poesia irakurraldia eta musika. Zirraragarria hala musika nola poesia: Itxaroren hitzak, ahotsa, kadentzia eta tonua gehi Esther, Uritze eta osabaren musika barruraino sartu zitzaizkigun, sentimenduzko olatuak bailiran. Olatu horiek, erresakan, begietaraino iristen ziren, malkoak isuriz. Sentimenduak azaleratu ziren. Ez zegoen gelditzerik, ez zen behar gainera. Tartean, isiltasuna entzuten zen.
Poesiak bere helburua lortu zuen: soinua, musika, hitzak, ahotsa, tonua, kadentzia... eta isiltasuna. Ieko altxorra goiz hartan: Ieko txori bilakatu zitzaigun iparraldeko poeta. «Orhiko txoria Orhin laket» bezalaxe, Ieko txori berria Ien laket. Eta gu laketago.
Teorizatu ala dastatu? Zertarako teorizatu poesiaz, poeta xume, soil eta sakon horrek gure sentimenduak askatzen baditu? Ez ote da hobe poesiaz gozatzea poesiaz teorizatzea baino? Batzuek bederen argi daukagu; hobeto esanda, ez daukagu inongo konturik puntu horretan.
Poetek, artistek, musikariek sortu egin behar dute, ez teorizatu. Azken batean, «poiesis» horixe da: sormena, kreazioa. Haiek sortu, guk gozatu, ahalik eta gehien. Bejondeiela artistei. Goza dezagun haien arteaz, haien poesiaz, haien musikaz. Bejondeigula guri.
Bi egun zoragarriotan, «asko naiz ni» horren barruan, ietar izan gara, eta, eremu latz hau den gure herrian poesiazko oasi batean murgildurik, pozik egon gara. Izan ere, poztasunaren hainbat arlotan sartu gintuzten Ieratu ziren sortzaileek, Ien bildu ziren «poiesis»-ean aritzen diren poetek.
Bukatze aldera, Natxitun, Natxiren gidaritzapean: ohi den lez, bazkaria bolatokian. Eta bolatokitik pilotalekura. Berton Katamalokoek «partida» ederra eskaini zuten: alde batetik Larrabetzukoak zeuden, bestetik entzuleak. Irabazleak, inongo dudarik gabe, Larrabetzuko gazteak. Gotzonen laguntzaz, beste musika mota bat, beste poesia mota bat, beste zirrara mota bat. Entzule gazteak, eta ez hain gazteak, txaloka etengabe. Harrituta utzi gaitu larrabetzuar taldeak. Amaiera ezin hobea eman baitiote Ieko jardunaldiari. Bai, pozik egon gara Ien. Hurren arte eta mila esker.