Zipre berriro ere bateratzea xede duten elkarrizketak irailaren 3an hasiko dira
Zipreko greziar eta turkiar komunitateen arteko banaketa gainditzeko elkarrizketak hasiko dituzte irailaren 3an, atzo Nikosian Dimitris Christofiasek eta Mehme Ali Talatek adierazi zutenez. 1974. urtean banatu zen bitan uhartea Turkiak okupatu ostean.
GARA |
Zipre berriro bateratzeko elkarrizketak irailaren 3an hasiko dira Mediterraneoko uharte honetako komunitate greziar eta turkiarraren artean. Hala jakitera eman zuten atzo Nikosian euren buru Dimitris Christofias eta Mehmet Ali Talatek.
Bi agintariek azaldu zutenez, irailaren 3tik aurrera astero bilduko dira uhartearen bateratze prozesuan aurrera egiteko. Eta bi komunitateen arteko konfiantza indartzeko asmoz, 1974an sortu ziren bi eremuen arteko pasabide berria irekiko dutela iragarri zuten.
Igarobide berri hau Llimntisen irekiko da, eta greziar eta turkiar eremuen artean martxan egongo den zazpigarrena izango da.
«Negoziazio honen helburua Zipreko aferari taxuzko konponbidea ematea da. Zipreko greziarren eta turkiarren eskubideak eta interesak bermatu beharko ditu akordio honek», adierazi zuten bi agintariek atzo izan zuten bileraren ostean.
Zipreko turkiarren buru Talatek eta greziarren agintari Christofiasek lortzen den akordioa bi erreferendumetan bozkatuko dela gaineratu zuten. Kontsulta hau egun berean egingo dute uharteko bi komunitateetan.
Izan zuten azken bileran, uztailaren 1ean, Talatek eta Christofiasek konponbidea sistema federalean oinarritu beharko dela adostu zuten. Bi komunitate izango dira, baina nazioarteari begira erakunde bakarra osatuko dute. Burujabetza eta hiritartasuna ere bakarra izango da, eta turkiarren eta greziarren arteko berdintasuna izango dute oinarri.
Bi agintarien arteko bilerak egin ahal izateko, batzorde tekniko batzuk izan dira lanean, beti ere NBEren babesarekin.
Llimntiseko pasabideaz gain, Talatek eta Christofiasek bi komunitateen elkarlanerako 16 neurri hitzartu zituzten, ingurumen, ondare eta ekonomia arloei dagozkienak. Horrez gain, bi agintariek elkarren arteko linea telefoniko zuzena abian jartzea erabaki zuten.
Bide batez, NBEk uhartera bidaliko duen arduradun berria, Alexander Downer, begi onez ikusten dutela gaineratu zuten eta berarekin lan egiteko asmoa azaldu zuten.
Turkiako tropek Zipreko iparraldea okupatu zuten 1974an, eta Ipar Zipreko Turkiar Errepublika eratu zuten. Soilik Ankarak aintzatesten du. Hegoaldean, greziarrek osaturiko Zipreko Errepublika dago, 2004tik Europar Batasuneko kide dena.
Dimitris Christofias AKEL alderdi komunistako kideak hauteskundeak irabazi ostean, bi komunitateen arteko pasabideak ireki zituen, horien artean Nikosiako Ledra kalekoa.