GARA > Idatzia > > Ekonomia

«Politikoek emandako hitza bete arte, hemen egongo gara»

p025_f01148x148.jpg

Joseba ITURBE
ELA-ko ordezkaria

Joseba Iturbe ELAko ordezkaria da Zumarragako Faustino Orbegozo udal zahar-etxean. Lanpostuak bermatzen ez dizkietela-eta egiten ari diren akanpadara hurbildu da GARA eta berarekin hizketan aritu gara.

Ruben PASCUAL |

Faustino Orbegozo zahar-etxea Zumarragan dago eta egoitza berri bat egitearekin batera, Udalak eta Aldundiak zerbitzua pribatizatu egin zuten, langileei postuak bermatuko zizkietela aginduta.

Agindutakoa betetzen ez dela ikusirik, langileak protestan ari dira. Azkenekoa, Zumarragako udaletxearen aurrean antolatutako kanpaldia.

Noiz hasi zen Faustino Orbegozo zahar-etxearen inguruko gatazka?

Gatazka hau 2005eko azarotik dator. Une horretan, Zumarragako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak geriatriko berri bat egitea adostu zuten .

Kontua da, zerbitzu publiko gisa eskaini beharrean, zerbitzua pribatizatzea adostu zutela. Horrek dakarren guztiarekin.

Zer gertatu zen orduan?

Zerbitzuaren gestioa Geroselan enpresari eman zioten; adinekoak geriatriko berrira pasako lirateke, baina langileak ahaztu egiten zituzten, ez zen inolako konpromisorik hartu langileak eraikin berrira lekualdatzeko.

Zein zen zuen eskakizuna?

Gure eskakizuna adinekoekin batera, langileak ere zahar-etxe berrian jarraitzea zen, gaur egun dituzten baldintza berak izanda.

Zeintzuk dira pribatizazioak izango lituzkeen ondorioak?

Baldintza-agirian jartzen duenez, plaza pribatuak gehiago izango direnez, %25 gehiago kobratzeko eskubidea daukatela.

Langileen egoeran eragina izango luke?

Noski, lehenik eta behin ez zaielako ziurtatzen lanpostua mantenduko dutenik. Behin eta berriro agindu zieten langileei beren lanpostuan jarraituko zutela, baina orain ez dute hori bermatzen eta hortik dator gatazka guztia.

Horrez gain, lan baldintzetan ere eragina izango luke. Izan ere, 6.000 euro gutxiago irabaziko lituzkete, ordu gehiago lan eginda eta baldintza kaskarragoetan.

Horren aurrean, nola erantzun zenuten zuek?

Jadanik, bi urte daramatzagu mobilizazioetan.

Zein motatako mobilizazioak egin dituzue?

Urretxuko jaietan karroza bat egin genuen, salaketak, manifestazioak Donostian, Zumarragan...

Hala eta guztiz ere, jaramonik egin ez digutenez, urtarrilean greba bat hasi genuen. Hasiera batean partziala zen eta gero, otsailaren 26tik aurrera, egun osokoa.

Tarte horretan zein izan da administrazioaren eta enpresaren jarrera?

Epe honetan, agindu eta konpromiso asko hartu dituzte. Hala ere, gauzak zehaztera joan garenean, ez dizkigute langile guztientzako lanpostuak ziurtatu. Negoziazio prozesu osoan zehar langile guztiek lanpostua izango zutela esan badigute ere, gauzak zehazteko orduan ez dizkigute langile guztientzako lanpostuak ziurtatu nahi izan, ez omen daudelako.

Epe horretan aldaketarik izan al da negoziazioetan?

Bai, proposamenak, saiatzen ari direla esan digute... Baina esandakoa, orain arte ez dute ezer zehaztu nahi izan. Gainera, gure iritziz, nabarmentzekoa da zahar-etxe berrirako langile gehiago kontratatu behar dituztela. Gaur egun 30 langile daude 46 egoiliar zaintzeko. Eta zentro berrian 104 egoiliar sartuko badira, langile gehiago beharko dituzte.

Zein izan da Foru Aldundiaren papera negoziaketa horretan?

Gipuzkoako Foru Aldundiak hasiera-hasieratik eskuak garbitu ditu, eta bost axola izan zaio langileen egoera. Guri esan ziguten, langileek lanpostua mantendu arte enpresari ez ziotela irekitzeko lizentziarik emango. Orain arte, hori behintzat, mantendu dute. Ez dakiguna da, hemendik aurrera zer gertatuko den.

Hori guztia ikusita, zein da egoeraren inguruan egiten duzuen irakurketa?

Gaur egungo egoera oso argia da. Orain arte politikoek esan digutena, Udalak nahiz Diputazioak, ez dute bete. Ez dute emandako hitza bete.

Gaur egun ez dugu lanposturik eta, lehenik, guk eskatzen duguna da langile guztiek lanpostua izatea. Gero, etorriko litzateke baldintzez eta kalte-ordainez hitz egitea.

Horren aurrean, zer pentsatu duzue?

Egoera larria dela ikusirik, uztailaren 23an, iragan asteazkenean, akanpada bat hasi genuen Zumarragako udaletxearen aurrean. Une honetan, 15 bat pertsona gaude akanpaturik eta txandaka egoten gara udaletxearen atarian.

Noiz arte jarraitzeko asmoa daukazue?

Akordio bat lortu arte hemen egongo gara, politikoek emandako hitza bete dezaten nahi dugulako. Beraz, akordio hori lortu arte ez gara hemendik joango, ez dugu etsiko.

ALDUNDIA

«Gipuzkoako Foru Aldundiak hasiera-hasieratik eskuak garbitu ditu eta bost axola izan zaio langileen egoera»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo