GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

85. Ordiziako Klasika

Lekukoa, Karpetsentzat

Errusiarrak Caisse d'Epargneren lan ona biribildu zuen palmaresean Rodriguez kidearen lekukoa hartuz

p037_f02_333x333.jpg

GARA | ORDIZIA

Caisse d'Epargne Ordizian etxean bezala mugitzen dela dirudi. Iaz Joaquim Rodriguezek garaipena lortu ondoren, faborito izatea gustura hartu zuen taldeak atzo: lasterketa hasieratik kontrolatu zuen eta Vladimir Karpetsek taldekidearen lekukoa hartu zuen helmugan.

Mugimendu handia egon zen egun osoan, etengabeko saltoekin -eta, beti ere, Caisse d'Epargneko txirrindulari bat bertan-, gehienek arrakastarik izan ez bazuten ere.

Saiakera ona, bigarren zirkuituari emandako bigarren itzulian heldu zen. Vladimir Karpetsek, Sergio Pardillak, Bruno Piresek eta Jesús Buendiak ihes egin, aurretik zihoan Alexey Shchebelin harrapatu eta atzean utzi zuten.

Aurreko hirurek ia batera egin zuten Altzoko azken igoera, eta bazirudien euren artean egongo zela garaipena lortzeko lehia Ordizian bertan. Baina Karpetsek, bere burua indartsu ikusita, aurrera jo zuen gogoz. Abaltzisketatik 45 segundotako abantaila eskasarekin igaro arren, ez zuen amorerik eman eta bere kemenak garaipenaren saria eskura jarri zion azkenean.

«Asko poztu nau garaipenak -adierazi zuen errusiarrak-. Baina taldearena da ere bada, oso ondo lan egin baitu egun osoan zehar». Giroan jausi ondoren Tourretik kanpo geratu zen Karpets, baina atzo egindakoarekin «ilusioa berreskuratu dut. Joan zen astean nahiko ondo sentitu nintzen Madrileko Itzulian, baina gaur askoz hobeto aritu naiz. Denboraldiaren hirugarren zatiari begira indar handia ematen dit honek», nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo