GARA > Idatzia > > Kultura

«Orreaga», opera baten osagai guztiak biltzen dituen ikusgarria

Pier Paul Berzaitzen «Orreaga» ikusgarri berria eskainiko da gaur Baionan. Or konpon elkartearen 30. urtemugaren kariaz antolatua, ikusgarriak, berrehun bat pertsona elkartuko ditu. Horien artean, Berzaitz, Beñat Axiari kantaria, Aezkoa gizon abesbatza, Lapurdiko eta Zuberoako 50 dantzari eta Théâtre du Versanteko antzerkilariak.

p043_f01_199x132.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Baionako zezen plaza aukeratu dute Or konpon elkarteak eta Pier Paul Berzaitz kantariak, azken honen «Orreaga» ikusgarri berria eskaintzeko. Eta, zezenen ordez, gaur gauean musikariak, zaldunak, satanak, artzainak, txotxongiloak, izakiak, aktoreak eta dantzariak nagusituko dira bertan, ikusgarriak biltzen dituen ehun eta laurogei artistei esker.

Gael Rabas Théâtre du Versant antzerki taldeko arduradunak hartu du bere gain ikuskizunaren zuzendaritza. Eta, obra definitzeko orduan «opera» erraldoi batekin alderatu zuen.

«Opera asko zuzendu ditut, eta, «Orreaga»k antzerki mota horren osagai guztiak ditu», nabarmendu zuen. Bideratu duen lana aipatzerakoan, bere helburua ikusgarria osatzen duten pertsonaia ezberdinen artean hari bat bilatzea izan zela argitu zuen. Eta, horretarako, Pastoraleko pertsonaia mitikoak baliatu ditu, hau da, Satanak. «Oso pertsonaia bereziak dira. Zazpi aukeratu ditut, Euskal Herriko zazpi probintziak bezala. Umorea baliatuz, ikusgarrian loturak egiteko oso tresna baliagarriak dira», esan zuen.

Lapurtarrak eta zuberotarrak

«Orreaga» ikusgarriak, gauez emanda, ikusleek 778. urtera itzultzeko aukera izango dute. Karlomagno, Errolan, franko edo baskoien pertsonaiak dantzari, zaldun edo aktoreen bidez taularatuko dira. Horien artean dantzariek leku nagusi bat daukate. Eta, ikusgarrirako Lapurdiko eta Zuberoako berrogei ta hamar dantzaririk onenak aukeratuak izan dira.

«Zuberoako dantzak oinarri hartuz, Pier Paul Berzaitzek landuriko musiketan berritasun bat ekartzea eskatu digute. Urtebete aritu gara horretan, eta lau dantza berri sortu ditugu», goraipatu zuen Jean Marc Cachenaut dantzariak. Zuberoako ohiko urratsak kanpoko beste urratsekin nahasi dituzte sorkuntza egin ahal izateko. «Dantza bat bikotean eginen dugu, eta horrelakorik ez da batere ikusten Zuberoako ohiko dantzetan. Beste bi dantzetan urrats zeltikoak sartu ditugu. Baina, badira dantza tradizionalak ere», gehitu zuen. Lapurtar dantzarien aldetik, Peio Labeyriek argitu zuen: «Ez dugu dantza berririk sortu, baina doinuetan oinarrituriko dantzak egin ditugu». Horrela, «Orreaga» ikuskizuneko aktoreekin hitz egitean guztiek eremu ezberdinetako artistekin lan egitea «interesgarritzat» jo zuten.

«Gutxitan izaten da horrelako produkzio handietan parte hartzeko aukera. Interesgarria da gauza ezberdinak ikustea, eta guztien artean loturak nola egiten diren ikustea», adierazi zuen, berriz, Labeyriek. Ikusgarriak, dantzarien urratsen artean, pottoka eta zaldietan jarritako zaldunak ere agertzen ditu. Baina, obra egiten duten elementu nagusi horietatik at, Pier Paul Berzaitzek ametserako tarte bat ere utzi du obran. Annie Onchalok sorturiko txotxongilo eta izaki fantastikoak dira fantasiaren eremu hori betetzen dutenak.

«Oihaneko hamar pertsonaia fabulosoak sortu ditu Orreaga ikusgarriarentzat. Hamar dira orotara, eta noizbehinka ikuskizunean sartzen dira ikuspegi fantastikoa emanez», goraipatu zuten arduradunek.

Baionako zezen plazara hurbilduko diren ikusleak pastoralaren ezaugarri nagusiak aurkituko dituzte «Orreaga» ikuskizunean. Aktoreak makilaz lagundurik sartuko dira plaza erraldoi horretan eta, Satanen presentziarekin, kantuak eta guduak aldizkatuz joango dira.

Gael Rabasek esan bezala: «Opera baten ezaugarri nagusiak baditu ere, Pastoralaren izpirituan egina izan da», eta, «oso goi mailako obra» zela nabarmendu zuen. Izan ere, Lapurdiko eta Zuberoako artista onenetarikoak elkartu ditu. Berzaitzekin batera, Beñat Axiari, Baionako Aezkoa gizon abesbatza, Baigorriko Tantiruki taldea, Magali Zubillaga eta Kattalin Indaburu arituko dira. Orkestra hogei bat musikariz osatua dago, Juana Etxegoin eta Jean-Marie Guezala tartean. Bestalde, dantza koreografiarentzat Celia Thomas dantzariaren laguntza izan dute. Ikuskizunak beste berezitasun bat ere izango du, izan ere, lau hizkuntza entzun ahal izango dira (frantsesa, euskara, gaztelania eta okzitaniera).

SATANAK

Théâtre du Versant antzerki taldeko zazpi aktorek osatzen dute satan taldea. Pastoralaren pertsonaia «mitiko» horiek obran lotura gisa baliatu ditu Gael Rabas zuzendariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo