Duela 1,3 milioi urtetan kokatzen dute Atapuercako aurkikuntza berriek giza presentzia Europan
Garrantzitsuena hominido baten hatzeko falangearen aurkikuntza izan da. Horrela, Gizateriaren Ondare izendatutako aztarnategietan orain arteko aztarnarik zaharrenarekin egin dute topo.
GARA | BURGOS
Atzo Burgosko Giza Eboluzioaren Museoa izango denaren aurrean egin zuten aurkezpenean adierazi zutenez, Atapuercako aztarnategian egin duten azken kanpainan duela 1,7 milioi urte kokatutako sedimentuak aurkitu dituzte.
Indusketen zuzendarikide Eudald Carbonellek adierazi duenez, datazio honek hominido zaharragoen aztarnak egon daitezkeela adierazten du, «Pleistozeno aro hasierakoak», hain zuzen ere. Horrela, Europa ekialdean duela 1,3 milioi urte baino lehenago giza presentzia egon zela eman zuten jakitera.
Aurkikuntza garrantzitsuena hominido baten -seguru aski haur baten, ezkerreko eskuko bosgarren behatzeko falangea da-. Iazko kanpainan hamaika urteko haur baten baraila aurkitu zuten, eta 2001ean topatutako beste elementu batekin lotuta zegoen. Beraz, oraingo aurkikuntza beste urteetan egindakoekin erabat uztarturik dagoela azpimarratu zuten Atapuercako indusketetan parte hartzen ari direnek.
Lanen beste zuzendarikide batek, Jose Maria Bermudez de Castrok adierazi zuenez, espezie horren pieza gehiago aurkitu dituzte eta zientzialariek pieza honekin erkatu beharko dute. De Castrok gaineratu zuenez, ondorioz, Homo Antecesor deitutakoa duela 1,3 milioi urte eta 900.000 urte artean bizi izan zela.
Falangeaz gain, industria litikoaren piezak eta hainbat animalien hezurrak ere atzeman dituzte. Gainera, Atapuercako eremua zuhaitzez betetako eta ur putzu handiko paisaia zela ondorioztatzen duten elementuak aurkitu dituzte. Hala nola, makakoen, oreinen edota katamotzen arrastoak.
Kanpaina honetan ahaleginak bi eremutara bideratu dituzte. Batetik, datozen urteetan Gran Dolina deituriko eremuan, aztarnategian bertan, aurrerapausoak emateko asmoa agertu dute. Bigarrenik, TD10 mailan hamar mila bat hezur eta bi mila harrizko tresna aurkitu dituztela ere jakinarazi dute eta berebiziko garrantzia dutela esan dute.