Zezenketen aurkako mobilizazioak Baionako bestetarako
Xabi HERNANDEZ |
Lapurdiko hiriburuko besten harira, salaketa ekintzen berri eman zituen FLAC (zezenketen kontrako borrokarako federazioa) elkarteko presidente Jean Claude Labordek atzo eginiko agerraldian. Urratsak eman nahi dituzte FLACekoek, «bereziki krudela» irizten dioten «espektakulua» salatzeko bai eta, Labordek adierazi zuenez, «kontzientziazioan sakondu eta garapena lortzen joateko».
Baionari dagokionez, aldiz, orain dela gutxi Basauriko Udalak hartutako erabakia bertan ere eman dadin bilatu nahi du elkarte honek. Udalerri bizkaitarra Euskal Herriko lehenengoa izan da «zezenketen kontrako hiria» izendapena onartzen era ofizialean eta, beraz, hiriburu lapurtarrak bide bera har dezan nahiko lukete.
Ekonomikoki «defizitarioa»
Hala, zentzu horretan doaz mobilizazioak, eta horiek bi ekimenek gorpuztuko dituzte. Batetik, egunotan hasita eta abuztuaren 2 arte iragarki bat pasaraziko dute hiriko zine aretoetan, «zezenketen gordintasuna eta biolentzia agerian uzteko». Bigarrena abuztuaren 2an egingo duten manifestazioa izanen dela iragarri zuten, arratsaldeko 17:00etan hasita zezen-plazan, non «besta egiteko animaliak torturatzea beharrezkoa» ez dela erakutsi nahi duten.
Labordek zioenez, Herriko Etxearentzat tauromakia «defizitarioa» da, eta 100 milioi euro «xahutu» direla soilik horretarako 2006-2007ko agintaldian.