GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Suziriak eman die hasiera Olazti sei egunez parrandan murgilduko duten jaiei

Suziriaren eztandak sei egunez luzatuko diren jaiei bidea ireki zien atzo Olaztin. Udalaren egitarau ofizialarekin batera, beste hainbat ekitaldi ospatuko dituzte herritarrek sei egun hauetan. Musikaz, kalejirez eta otorduez gain, aldarrikapenerako tarterik ere izango da.

p016_f03.jpg

Ander PEREZ |

Atzotik hasita, parranda eta gozamenerako sei egun izango dituzte olatzagutiarrek zein gerturatzen diren bisitariek ere herriko jaietan. Horretarako bidea ireki zuen atzo Adelaida Kintanak kultur etxeko balkoitik jaurti zuen suziriak. Jende andana bildu zen plazan. Kintana, herriko kultura bultzatzeagatik suziria jaurtitzeko aukeratutako pertsona, Olaztiko usadiozko arropaz jantzita agertu zen jaiei hasiera emateko ekitaldian.

Suziriaren eztandarekin batera, erraldoi eta kilikien dantzek alaitu zuten giroa herriko kaleetan barna. Aurretik, udaleko batzordeetako langileek hamaiketakoaz gozatu ahal izan zuten udaletxean bertan. Horretarako abagunerik izan ez zuenak bigarren aukera bat izan zuen geroxeago herriko Maisuenea Gaztetxeak eskaini zuen hamaiketakoan, antzinako kotxeen erakusketa zegoen plaza parean.

Sei egun iraungo duten jaien lehendabiziko orduak besterik ez ziren izan horiek. Hortik aurrera, musika, otorduak eta kalejirak (Olaztiko riau riau-a, kasu) izango dira nagusi Olaztin. Udalaren egitarau ofizialetik haratago, beste hainbat ekitaldi ere izango dira jaietan, besteren artean, astelehen gauerako gazte bertso-afaria antolatu du Maisuenea Gaztetxeak; Julen Zelaieta eta Mirari Martiarena bertsolariek hartuko dute parte horretan.

Asteartean, hilak 29, jaien amaieran, trakak zarataz beteko du herria gauerdi aldera. Edonola ere, jaiak aurrera egingo du, txupito gaua antolatu baitu gaztetxeak.

Festa eta aldarrikapena

Jaia eta parrandarekin batera, aldarrikapenerako tartea ere izango da Olaztiko jaietan.

Atzo, suziriak eztanda egin eta gutxira, euskal errepresaliatu politikoen aldeko brindisa egin zuten herritarrek. Bestalde, horien aldeko afaria izango da bihar Sarasate plazan, gaueko 22.00ak aldera.

Gaurko, iluntzeko 20.00etan hasiko den manifestazioa antolatu dute herriko gazteek. Herriko kaleak zeharkatuko dituen martxak AHTren eta Coca Colaren kontrako aldarriak izango ditu ardatz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo