«Ez dakit hurrengo urtean jarraituko dudan, ikusi beharko»
ORIOKO ENTRENATZAILEA
Oriotarra da Joxean Olaskoaga «Aizperro». Urdaibai eta Hondarribia taldeetan aritu ondoren, azkenik 2005. urtean iritsi zen bere herriko trainerura entrenatzaile eta arraunlari lanak burutzeko. Harrezkero hainbat estropada irabazi ditu Oriok, baita aurten ere.
Imanol SESMA |
Gipuzkoako txapelketan gailendu zen Orio, eta badirudi entrenatzailea gustura dagoela taldea egiten ari den lanarekin.
Zorionak. Zer iruditu zitzaizun asteazkeneko estropada?
Eskerrik asko. San Pedrok asko estutu zuen eta segundo gutxira iritsi zen. Hondarribia bagenekien hor egongo zela. Ezustekorik handiena Zarautzekin hartu nuen. Uste nuen gehixeago emango zuela, baina segituan geratu zen atzean eta estropada kaskar samarra egin zuen.
Gustura al zaude egiten ari zareten denboraldiarekin?
Azken asteburua pixka bat motela izan zen, baina gainontzean hor gabiltza. Aurreko asteburuko larunbatean hirugarren egin genuen, igandean irabazi... Nik uste maila politean gaudela. Gure saiakeratxoak egiten ari gara, eta batzuetan ez dira ongi irteten. Hori bai, abuztutik aurrera ez dago huts egiterik. Osterantzean, orain arte egindako denboraldiarekin pozik nago. Aurreko denboraldian hobeto hasi ginen, baina bagenekien aurten gehiago kostako zitzaigula.
Zer moduz dabiltza arraunlari gazteak?
Maila onean ikusten ditut. Gazteak dira hemengo etorkizuna eta aukera bat eman behar zaie, horiek dira eta gure ordezkoak.
Zure anaia Aitor ere hor dabil. Zein sentipen sortzen dizu?
Anaia gaztearekin estropada batzuk jokatzea, entrenatzea eta abar motibazio handia da.
Ligan laugarren, Telefonica eta Gipuzkoako ikurrinak irabazi dituzue... Zein da zure balantzea?
Balantze ona da. Ea beste estropada bat edo beste irabazteko borrokan egoteko gai garen. Borrokatuz gero beti lortzen da estropadaren bat.
Zeintzuk uste duzu direla Kontxara iritsi bitartean izango dituzuen aurkari sendoenak?
Kontxa oraindik urruti dago, baina une honetan Urdaibai eta Castro oso traineru indartsuak dira, San Pedro ere oso maila onean dago, Hondarribia ere badator... Lehia handia dago eta gaur egun oso zaila da estropada bat irabaztea. Guk ez dakigu noraino iristeko moduan gauden, baina uste dut maila polita emateko gai izango garela eta Urdaibai eta Castro estropada batean baino gehiagotan estutuko ditugula. Ea goranzko bidea hartu eta gai garen besteen mailara iristeko.
Irabazi ez duen traineruren bat gailendu daitekeela uste al duzu?
Bai, noski. Edozein egunetan San Pedrok erraz irabaz dezake banderaren bat. Hondarribia ere... Uste nuen hasiera hobea izango zuela, baina badut gure mailara iritsiko ote den esperantza. Ekipoa baduela uste dut, eta probak egiten ariko den arren, asmatuko duela.
Zer da talde batek erregulartasuna lortzea zailtzen duena?
Oso maila ona dago eta parekotasun handia. Segundo gutxitan ontzi asko daude eta estropada kaskar samarra eginez gero, eta gainera kale txarra tokatu, zortzi edo hamargarren gera zaitezke. Postu on bat lortzeko estropada ona egin eta gainera zortea behar da kaleekin, bestela jai duzu.
Zer-nolako esperientzia iruditu zaizu Orio entrenatzea?
Oso gustura nago. Esperientzia polita izan da herrian entrenatzaile modura jardutea, eta erretiratzeko ondo gaudela uste dut. Egin beharrekoa egina dago eta aurrerantzean ahal duguna erakustea besterik ez da geratzen.
Urte askotarako al zaude?
Ez. Urte asko daramatzat arraunlari eta oso gogorra da. Urtero gauza bera esaten dugu, baina dagoeneko oso nekatuta nago. Ikusi beharko datorren urtean jarraitzen dudan.