Estropadak
TKE Liga Galizia aldera itzuliko da asteburuan bi probatarako
I. S. | DONOSTIA
VI. Pereirako Bandera jokatuko da gaur 18.00etan Moañako uretan. San Miguel Ligako zortzigarren proba izango den hau 2004. urtean ospatu zen azken aldiz, eta orduan Astillerok irabazi zuen. Atzetik Hondarribia, Urdaibai eta Orio izan zituen hurrenez hurren. Aurtengoan, aldiz, kantabriarrak ez daude eta batez ere bermeotarrak, San Pedro, Castro eta Orio dira ikurrina eramateko hautagai nagusiak.
Estropada honetako lehenengo txanda Hondarribia, Tiran, Arkote eta Laredok osatuko dute. Bigarren txandan Zarautz, Pedreña, Zumaia eta Cabo da Cruz arituko dira. Eta azkenik, denboraldiko orain arteko onenek osatuko dute ohorezko txanda: Urdaibai, Castro, San Pedro eta Orio.
KAE ligako lehen multzoa, berriz, Pasaian arituko da beste estropada batean (18.00), 2x2 erara burutuko den proban. Urtean zehar erakutsitako nagusitasuna dela-eta, Kaiku batez ere, Isuntza eta Camargo dira ikurrina hau irabazteko faborito.
Igandean ere jairik ez
Riveirako IV. bandera lortzeko lehia ere izango dute TKE ligako traineruak asteburu honetan. Bihar, eguerdiko hamabietan, jokatuko da bederatzigarren froga hau; 2006an egin zen azken aldiz eta Hondarribiak irabazi zuen, Castro, Pedreña eta Zarautzen aurretik. «Ama Guadalupekoa»k emaitza onak lortu izan ditu proba honetan, izan ere, 2005ean ere garaile izan zen eta 2004an Urdaibairen atzetik geratzea lortu zuen, bigarren.
KAE ligako bi taldeek ere badute iganderako plana. Lehen taldekoak, BBK ikurrina lortzeko lehiatuko dira Lekeition 12.00etatik aurrera, oraingoan lau kaletako eran (estropada arrunta).
Bigarren taldekoek aldiz, larunbatean jai izan ostean Hibaikako bigarren ikurrinaren lehia izango dute Pasaian 16.00etatik aurrera erlojupeko eran. Horretan, Astillero orain arte erakutsiriko nagusitasuna erakusten saiatuko da.