Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala
Ez die jaiei itxaron Azpeitiak
Gipuzkoako txapeldunak 3 eta 0 menderatu zuen Huarte, bere aurreneko titulua argiro eskuratzeko
Asier AIESTARAN | IRUÑEA
Azpeitiak lehen aldiz irabazi zuen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa. Gipuzkoako titulua eskuratu ondoren, azpeitiarrek 3 eta 0 emaitza lortuta menderatu zuten Huarte, Nafarroako txapelduna. Finala kadete eta gazte mailako partidetan erabaki zen, eta seniorren partidak ez zuen eraginik izan garailea erabakitzeko orduan.
Kadete mailako norgehiagokan, Markel Etxanizek eta Andoni Aizpuruk ez zuten arazorik izan De la Fuente eta Mina 22 eta 9 mendean hartzeko. Gipuzkoarrak urte bat nagusiagoak dira eta adinean zegoen aldea ere nabarmen geratu zen, maila horietan gertatu ohi denez. Lehenengo partidan, beraz, iragarpena goitik behera bete zen azpeitiarren alde.
Hori ikusita, gazte mailako lehiak are eta garrantzi handiagoa hartu zuen. Horretan pronostikoak ez ziren hain argiak eta partida ere zertxobait estuagoa izan zen. Azkenean, eta lan dezente egin ostean, Joanes Otamendik eta Dani Murgiondok 22 eta 14 irabazi zuten Kortabarria eta Garciaren kontra. Partidan 305 pilotakada jo zituzten eta 50 minutuko iraupena izan zuen. Azpeitiak, horrenbestez, ziurtatuta zeukan Euskal Herriko txapela.
Finala erabakita zegoen arren, zaleek ez zuten senior mailako norgehiagoka galdu nahi izan eta, batez ere, sari banaketaren zain geratu ziren denak. Seniorretan, horrelako finaletan egon ohi den tentsiorik gabe, partida berdindua atera zen (22-21). Jurgi Larrañaga eta Josu Uzkudun azpeitiarrak erraz irabazten hasi ziren (8-2), baina Yodi eta Linzoain huartearrek, aurrelaria sakearekin asmatzen hasi ahala partida 8-8 berdintzea lortu zuten. Hortik aurrera aldeak oso txikiak izan ziren markagailuan eta nekez, baina Azpeitiak hirugarren garaipena lortu zuen goiza biribiltzeko. Kontuan izan behar da Huarten Beroizen falta zutela, beraien atzelari onena seguru asko. Nafarra Bartzelonan dago asteburu honetan Europako Txapelketetan parte hartzeko.
Harmailetan jende asko bildu zen atzo ere, eta azpeitiarren festa frontoian bertan hasi zen. Ondoren, Leitzan egin zuten bazkaria, iaz garaile izan zen herrian hain zuzen ere, eta arratsaldean herrian bertan ongietorri beroa jaso zuten. Aurreneko txapela, beraz, Azpeitiarrentzat, eta Huartek ezin izan zuen orain dela lau urte lortutako garaipena errepikatu.