GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Irango «Don» filma gaurtik aurrera ikusgai izango da berriz ere

GARA | DONOSTIA

Donostiako 1998ko Zinemaldian Epaimahaiaren Saria eta Elkartasun Saria jaso ostean, Abolfazl Jalili irandarraren «Don» filma zinema aretoetan izango da berriz ere gaurtik aurrera, Barton Films-ek jakinarazi duenez.

«Don» lanak Farhaden istorioa du ardatz. Gazteak bederatzi urte izango ditu, gutxi gorabehera, nahiz eta hala denik ezin duen baieztatu ez bere aita drogazaleak, ez bere ama analfabetoak; izan ere, ez baitzuten inon inskribatu jaio zenean. Farhadek legezkoa den lanpostu bat lortzeko, eta idazten eta irakurtzen ikasteko, jaiotza agiriak behar ditu, baina inork ez du arazoa konpontzeko ezer egiten. Hala, bere egoera gerra errefuxiatu baten parekoa egiten da.

Abolfazl Jalili zuzendari eta gidoilariak zinemagile izatearekin batera umeen eskubideen defendatzailetzat du bere burua eta 13 urte besterik ez zituela hasi zen bere marrazkiak saltzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo