GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Pello Etxepare eta Maider Etxepare Baiona

Baionako gertaerak Euskal Telebistan

Bitxia da kazetari batzuek zenbait gertaera manipulatzeko duten gaitasuna. Gau hartan Baiona Ttipian festaz gozatzen ari ginen lagunetako batzuk zur eta lur geratu ginen astelehen gauean bertan ETBko albistegiei begira geundela. Parranda bateko edozein liskar moduan azaldu zuten gertaera, Poliziaren eta gazteen arteko liskar bat, ordutegi arazo bategatik sorturikoa, bi aldeetan zaurituak utzi zituena... Nola ez, ezker abertzaleko kartel batzuei lehen planoa eskaintzeko aukera ez zuten galdu, liskarrak inplizituki ezker abertzalearekin lotzeko.

Polizia inolako azalpenik eman gabe sartu zen Baionako eremu abertzale eta euskaltzale batean, ke-potoz eta kolpez hamarka zauritu eragin zituzten. Gezur hutsa da ordutegiaren kontua. Aurrez ongi pentsaturik zuten zer egin behar zuten armaz leporaino etorri ziren haiek. Eremu zehatz bat ezabatzeko urte osoan egiten dutenaren jarraipena baino ez zen izan, hainbat taldek ondoren salatu duten bezala.

Horrelako gertaera bat azaltzeko orduan logikoa da lekuko batzuei hitza ematea, hauek ikusi zutenaren berri emateko. Baina kasu honetan nahikoa izan da ETBko kazetaria bera gertatu zen guztia azaltzeko. Gezur hutsa izan zen kontatu zenutena. Lotsagarria, benetan, zuen jarrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo