Popo Larre, 25 urte argi bila
Hainbat euskal herritar gazte bezala bere herriaren askatasunaren aldeko borrokan engaiatua, Popo Larre Nafarroa Behereko gazteak 21 urte zituen 1983ko abuztuaren 7an Iparretarrak erakundeko hiru kiderekin batera Landetako Leon herriko kanpinean Polizia frantsesarekin topo egin zuenean. Euskal gazteek polizien erasoari erantzun zioten eta, tiroketaren ondorioz, polizia bat hilik eta beste bat zauriturik gertatu ziren. Lau euskal militanteetarik hiruk ihesari eman zioten autoan eta Larrek basoan barna. Geroztik inork ez du haren berri izan. Atzo, desagertu zenetik 25 urte bete baitziren, ekitaldi bat egin zuten Heletan haren oroimenez.
Popo Larre ez da desagertu edo desagerrarazitako euskal militante bakarra, ez Ipar ez Hego Euskal Herrian. Eta, kasu gehienetan bezala, auzia estatuaren oztopoen eta iluntasunaren azpian ehortzi nahi izan dute. Argitu den desagertze bakarrak -Lasa eta Zabalarenak-, berriz, estatuaren aparatuen eskua utzi zuten agerian. Jendarmeek Larreren bila antolatu zuten operazio erraldoiaren ondoren inguru hartan gazte baten gorpua agertu eta gaztearen ustezko gurasoek hura beren semea zela ukatu izanak, eta 17 urte geroago arte epaiketarik egin ez izanak susmorako tartea zabaldu egin zuten. Eta epaiketak, argitu ordez, gehiago ilundu zuen han gertatutakoa. Izan ere, epaileak Popo Larre kasutik kanpo uztea erabaki, lekukotasun gehienak errefusatu eta jendarmeen kontraesanei ez entzuna egin zien, besteak beste. Hartara, duela 25 urteko gertakariaren egia ez da ezaguna, ez ofizialki behinik-behin, ikertzeko ardura zutenek nahi zuten eran.
Landetako basoak baino ez ziren izan Popo Larrerekin gertatutakoaren lekuko, baina Parisko Gobernuaren eta hango Justiziaren jokaerak gertakarien inguruko susmoak areagotu baino ez dituzte egin, 25 urteotan gertakariak argitzeko borondatearen ordez zer ezkutatua badutela erakutsi baitute. Estatu arrazoia esaten diote. Arrazoi iluna, beldurgarria.