GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Haurrek jaitsiera «osoa» izan zuten, Neska Txiki panpina eta guzti

Umeak protagonista diren egunean, alaitasuna itzuli zen Gasteizko erdigunera, gehien bat eguerdi aldera, txikien jaitsiera ospatu zenean. Plaza Berrian zeruak bi protagonista izan zituen, lehen urtez, Zeledon Txikiren panpina ez baitzen bakarrik jaitsi, Neska Txikiren konpainia ezin hobea izan zuelako. Ospakizun honen 25. urteurrena zenez, urte hauetan Zeledon eta Neska Txiki izandako guztiak elkartu ziren umeentzako ekintzez betetako egun batean.

p020_f01_097x152.jpg

Itziar AMESTOY |

Beste egunetan baino alaitasun handiagoa nabari zen atzo Gasteizko erdigunean. Algarak han eta hemen entzutearen arrazoia atzokoa umeentzat pentsatutako eguna zela da. Hori dela eta, ekintzaz beteta hasi zen eguna, baina eguerdira aldera iritsi zen txikiak, eta ondorioz euren gurasoak, irrikaz zituen unea: txupinazoa eta jaitsiera.

Umeen hitzordua ez da inondik inora helduek hilaren 4an egiten dutenaren bertsio txikitua, haiek estilo propioa erakutsi dute urteetan zehar. Egun txikian, neska eta mutilen arteko berdintasuna era argian irudikatzen da 2002az geroztik Zeledonek protagonismoa Neskarekin partekatzen baitu. Atzo, gainera, parekotasun horri begirako aurrerapauso bat eman zen jaitsierako bi panpina egon zirelako: Zeledon txiki eta Neska txiki.

Haurren estiloan txanpainak eta puruek lekurik ez duten arren, ondo baino hobeto pasatu zuten haurrek 12.00etan, puntu-puntuan, txupinazoa jaurti ondoren. Urduritasuna sumatu zen aurrez aurretik hasteko hiru saiakera egon baitziren. Hala ere, benetako ordua iritsi zenean, Udal Musika Banda zeledonen doinua jotzen hasi zen egunerako zuzendari aproposenaren, Xabier Ugartondo haurraren, agindupean hain zuzen. Plazaren eskuinaldeko leiho batetik Zeledon eta ezkerraldetik Neska atera ziren musikarekin batera. Plaza osoa zeharkatu ondoren, Ane Amor eta Beñat Valle atera ziren balkoira han bildutako haurrak eskuetan zituzten euritakoekin agurtzeko asmoz. Orduan egin zuen eztanda alaitasunak.

Balkoitik agertokira zegoen bidea zeharkatzeko arazorik ez zuten izan Zeledon Txikik eta Neska Txikik, helduei beste irakaspen bat emanez. Behin goialdean zeudela, enparantzan bildutako guztiak hitzez agurtzeko aukera izan zuten Anek eta Beñatek. Gainera egon ezin zutenentzako oroipen hitzak ere izan zituzten. Ondoren, kantatzen dakitela erakusteko zeledonen doinua abestera animatu zituzten gasteiztarrak. Baina gauza bat argi utzi nahi izan zuten Zeledonek eta Neska Txikik, eguna hasi baino ez zela egin. Horregatik, ondo pasatzeko aukera mordoa zituztela gogorazi zuten, eta ume guztiak jaietako ekintzetan parte hartzera animatu zituzten.

Egun luzea izan atzokoa, batez ere, Anerentzat eta Beñatentzat. Goizean, Andra Mari Zuriari lore eskaintza egin eta ohorezko aurreskua dantzatu baitzioten. Denbora zeramaten une hori prestatzen bi txikiek eta estilo dotorea erakutsi zuten. Hitzordu berezi horren oroitzapen bat izateko, Aihotz plazara ematen duten eskaileretan elkartu ziren ondoren San Migueleraino hurbildu ziren ume guztiak. Hala ere, une askotan gurasoek seme-alabak baino emozio handiagoa erakusten zuten.

Hazi diren txikiak

Egun, guztiz finkatuta dagoen ekitaldia da haurrena; baina ohitura guztiak bezala noizbait berria izan zen. Horren 25.urteurrena bete zen atzo eta, horregatik, agertokitik ideiaren sortzailearentzat, hau da, Joseba Bediarentzat txaloak izan ziren.

Horrez gain, bilera berezi bat ere izan zen atzo. Orain dela 25 urte Zeledon Txikiren papera egin zuen mutila lehenbizi eta aurtengo jaitsierara arte paper hori bete duten gasteiztarrak igo ziren agertokira. Adin guztietako blusak eta neskak zeuden bertan. Irudia biribiltzeko, Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon heldua, ere izan zen festan eta guztien artean 25 urte barru berriro elkartzeko deia bota zuten.

Jaitsieraren emozio guztiaren ondoren jaiaz gozatzeko aukera asko geratzen ziren txikientzat. Lehenik eta behin, plazatik urruntzeko kalejira bat atera zen trikitilarien doinuak lagun. Buruileria plazan, gainera, Zoroak koadrilak urtero antolatzen duen haur ginkana egon zen. Arratsaldeko bostetan iritsi zen, hala ere, Beñatek eta Anek nabarmendu zuten une berezia, atzoko zezenetara joatean txikien protagonismoa ere nabaria izan zelako. Jaiak umeen begiez bizitzeko aukera egon zen horrenbestez atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo