sega Euskal Herriko finala
Lau gipuzkoar eta nafar bat arituko dira txapelaren lehian
Jexuxmari Ormaetxea eta Andoni Goikoetxea dira adituen ustez faboritoak
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Euskal Herriko segalarien finala jokatuko da etzi 12.00etatik aurrera Leitzan, tren geltokiko belardietan. Bertan honako segalari hauek hartuko dute parte: Ormaetxea, Goikoetxea, Arteaga, Aranalde eta Kanflanka. Bakoitzak ordubete izango du lanerako, eta tarte horretan kilorik gehien ebakitzen duenak jantziko du txapela.
Azkeneko urteetan ez bezala, aurten saio bakarrera jokatuko da txapelketa. Bertan, gainera, lau gipuzkoar eta nafar bat bakarrik arituko dira. Hauek eman zuten izena, eta denen artean jokatuko dute finala.
Gipuzkoako finala hartu beharko da saio honetarako erreferentzia bezala. Bertako lau finalistak arituko baitira Euskal Herrikoan ere. Oraingoan, Kanflanka nafarra gehituko zaie. Dena dela, azken honen lana nolakoa izango den ikusteko dago, aurten lehiaketa ofizialetan aritzen den lehen aldia izango baitu, eta horiek beti arriskutsuak izaten dira, nahiz eta etxean arituko den.
Gipuzkoakoa erreferentzia gisa hartuta, han onena Ormaetxea izan zen. Orendaingoa sasoian agertu zen, eta adituen ustez, berriro ere txapela lortzeko faboritoa bera izango da. Gainera, badaki zer den Euskal Herriko txapela janztea, 2003. urtean bera izan baitzen onena.
Zaleen ustez, lanik gehien Goikoetxeak emango omen dio. Gazteluarrak orain dela bi urte irabazi zuen Euskal Herrikoa eta aurten ere gauza bera egiteko prest agertzen da, eta horretara joango da Leitzara.
Mikel Aranaldek ere badaki zer den Euskal Herriko txapela lortzea, 1998. urtean jantzi baitzuen. Gazteluarra eskarmentu handiko segalaria da, eta bere lana ere oso kontuan hartu beharrekoa izango da.
Arkaitz Arteaga da denetan gazteena. Behetik gora datorrena da, eta maila ona duela erakutsi du amaitu berri den Gipuzkoako txapelketan. Berak galtzeko ez dauka ezer, lortzen duena lortuta, postu ona izango baita, eta lasaitasun horrekin joango da Leitzara. Horrelako kirolariak arriskutsuak izaten dira, eta aurkariek ere albotik begiratuko diote.
Segalarien denboraldia, honekin amaieratik oso gertu izango da. Jadanik jokatuta daude Gipuzkoako eta Bizkaiko finalak, eta baita nazioarteko erako Euskal Herriko Liga ere. Betiko eran, ordea, inoiz baino segalari gutxiago aritu da aurten.