GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aitzurlariak

Ramiro Llanos nagusitu da Arabako finalean

p037_f02.jpg


J.L. | GASTEIZ

Ramiro Llanosek lortu zuen atzo Arabako aitzurlarien txapela, bera izan baitzen lau kirolarien artean azkarrena. Kirolari bakoitzak bi 45 ontzako eta bi 36 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Foruen plazako harmailak ia bete egin ziren atzo, aurtengo jaietako ekitaldirik jendetsuena izan zen, eta baita ekitaldirik politena ere. Aitzurrarekin enborrak moztea oso kirol polita da, nahiz eta Euskal Herrian ez duen indar handiegirik. Araban jokatzen da lehiaketa ofizial bakarra, baina agian beste federazioek ere zerbait egin beharko lukete.

Finala apur bat beranduago hasi zen, udaltzaingoa kirolarien autoei isunak jartzen hasi baitzen, eta une horretan jaialdia eten egin zen. Zaleek ere bikain erantzun zuten, kirolariei babes osoa eman baitzieten eta txistu artean joan behar izan zuten udaltzainek. Benetan une ulergaitza izan zen, Udalak antolatzen baititu jaialdiak, eta kirolariek autoak Foruen plazan sartu behar dituzte beren tresneria eramateko, eta gainera ez zuten inongo trabarik egiten.

Txapelketa ere bikaina izan zen. Lauen artean ez baitzen alde handirik egon. Velez de Mendizabal zen egungo txapelduna, eta berak bota zuen lehen enborra aurretik, baina oso gertu zuen Lopez. Atzerago geratu ziren Llanos eta Aretxabaleta.

Bigarren enborrean, lehen 45 ontzakoan, Llanos ez beste guztiak kateatuta geratu ziren, eta berak aurre hartu zuen, nahiz eta Lopez ere segidan zuen. Hirugarrenean aldeak gehitu egin zituen. eta laugarrenean erdirako garbi zegoen norentzat izango zen txapela.

Lopez izan zen bigarren. Iaz ere horrela izan zen, eta atzo ere bai, nahiz eta aitzurrekin arazo batzuk izan zituen. Velez de Mendizabalek bigarren enborrean denbora asko eman zuen, eta hor geratu zen atzean. Ruiz de Aretxabaleta izan zen azkena, baina gorakada nabarmena erakutsi zuen.

Atzo taldekako gizonezkoen Arabako zaku lasterketako finala ere jokatu zen. Bertan, Betagarri taldea izan zen onena. 1.41 izan zen beren denbora. Herenegun, aldiz, Iñigo Saez de Castillok herrialdeko orga-jokoko txapela jantzi zuen, 3 itzuli, 1/4 eta 85 cm eginda.

Gaur ere jaialdia izango da 12.00etatik aurrera Foruen plazan, eta emakumezkoen bakarkako zaku lasterketa eta emakumezkoen ingude-altxatze lehiaketak erabakiko dira; biak ere Arabako finalak izango dira.

Bestetik, Iparraldeko Txapelketako bi final jokatuko dira etzi Urruñako plaza librean, 21.00etan. Ingude-altxatzeko eta lasto-jaurtiketako txapeldun berriak zeintzuk diren jakingo da.

Bizkaian, orga-jokoko finala jokatuko da etzi 18.00etatik aurrera Algortan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo